«Jendea literaturaren inguruan mugitzen duen proiektu oro interesgarria da»
Euskal Herrian hainbat irakurle talde sortu dira azkenaldian, eta Donostian ere bada halako talde jaioberri bat: Momentuz. Txantxarreka gaztetxean elkartzen dira, irakurritakoari buruz hausnartzeko. Taldearen nondik norakoak azaldu dituzte Garazi Etxaniz (Parte Zaharra, 2002) eta Nahia Arregi (Amara Berri, 2000) kideek.

Zer da Momentuz irakurle taldea?
Garazi Etxaniz (G.E.): Zortzi eta hamar gazte bitarteko talde bat gara. Denon artean zein liburu irakurri aukeratzen dugu eta Antiguako Txantxarreka gaztetxean elkartzen gara hilabetean edo hilabete eta erdian behin, hilabete horretako liburuari buruzko solasaldi bat egiteko.
Irailean egin genuen taldea sortzeko lehenengo bilera, liburu zerrenda bat osatzen joateko eta elkar ezagutzeko.
Nahia Arregi (N.A.): Hasieran, barnera begirako proiektu bat zen: gure inguruan interesa izan zezaketenak animatzen genituen parte hartzera, besterik ez. Ordea, lehenengo saioak egin ostean, kanpora begira irakurle taldea sustatzea erabaki genuen, aukera egon zitekeelako jende gehiago animatzeko gurekin irakurtzera. Horrela, Instagrameko kontu bat sortu genuen eta gure kartelak gero eta gehiago zabaltzen ari dira.
Nondik dator taldearen izena?
N.A.: Euskal Herrian beste hainbat irakurle talde sortu dira, kanpora begirako proiekzio batekin hasieratik. Gure kasuan, jarrera espontaneo batekin hasi ginen, gure artean, probatzen joateko. Hori dela eta jarri genion taldeari izen hori, gure unearekin bat zetorrelako.
G.E.: Irakurle talde asko oinarri batekin hasten dira: halako saioak ondo ezagutzen dituen moderatzaile batekin, ordutegi eta maiztasun finko batekin, eta abar. Gurea, aldiz, askoz ere espontaneoagoa izan da, denak nahiko gazteak garelako eta halako egitasmoetan esperientziarik ez dugulako. Komunean dugu irakurzaletasuna, eta horrekin egiten ari gara aurrera, pixkanaka, probatzen zerk funtzionatzen duen eta zer ez.
Zenbat liburu irakurri dituzue orain arte?
G.E.: Lau irakurri ditugu: Eraikuntzarako materiala nobela, Eider Rodriguezena; Harri eta herri poesia liburua, Gabriel Arestirena; Katilinarenak nobela, Amelie Nothombena, euskarara itzulia eta Girgileria poesia liburua, Juana Doloresena. Hurrengo saioa otsailaren 1ean izango da, 11:00etan, eta Bihurgunerako nasa, Uxue Apaolazarena.
N.A.: Esperimentatzen joatea gustatzen zaigu, eleberria ez ezik, bestelako generoak ere irakurtzea. Izan ere, horrela, jendea animatzen ari da bere kabuz irakurriko ez lituzkeen liburuak irakurtzera.
Zeren arabera aukeratzen duzue liburu bat edo beste?
N.A.: Taldean ikusi dugu hausnarketara eta pentsamendu kritikora daramaten gaiei buruzko liburuak irakurtzeko nahia dagoela eta, beraz, horren arabera aukeratzen eta proposatzen ditugu liburuak, denon artean. Orain arte, nahiko modu naturalean, dena euskaraz irakurri dugu. Ez dugu alde batera uzten beste hizkuntzaren batean irakurtzea, baina saioak euskaraz egingo ditugu beti.
G.E.: Dagokion liburuari buruzko saioa egiten dugun egunean bertan erabakitzen dugu zeintzuk izango diren hurrengo liburuak, proposamenen zerrenda errepasatuz.
Txantxarrekan egiten dituzue solasaldiak. Gaztetxearen proiektu bat da irakurle taldea?
G.E.: Ez da Txantxarreka gaztetxearen proiektu bat, Txantxarrekak espazio bat eskaintzen digu. Gaztetxean ibiltzen den kide batek egin zuen proposamena, gaztetxeak berak inkesta bat egin zuen Instagram bidez galdetuz ea jendea animatuko litzatekeen irakurle talde batean parte hartzera eta inkesta horri erantzun genion batzuon eskutik sortu da taldea.
N.A.: Bertan egiten dugu, espazio ireki bat eskaintzen digulako gure solasaldiak egiteko; hotza egiten duenean barruan eta bestela terrazan. Baina ez da soilik Antiguako jendearentzako edo gaztetxeko jendearentzako egitasmo bat, edonorentzako irekia da; gutako asko, hain zuzen ere, ez gara Txantxarrekan ibiltzen.
Euskal Herrian irakurle talde dezente sortu dira.
G.E.: Literatura kontsumitzea, irakurtzea, oso indibidualki egiten den zerbait da, beste diziplina artistiko batzuk ez bezala. Horregatik, akaso, sortu da behar bat irakurzaletasuna eta literatura jendearekin partekatzeko.
N.A.: Gasteizen Azpimarra irakurle taldea sortu zen, esaterako, eta sekulako bilakaera eduki du: talde txiki bat zen hasieran eta jende pilo bat mugitzen du orain. Eta, horrenbeste jende literaturaren inguruan mugitzen duen proiektu bat sortzea oso interesgarria izan daiteke. Azken finean, indibidualtasunetik ateratzea da, literaturak aukera ematen baitu pentsamendua kolektibizatzeko eta elkarrekin hausnartzeko. Ederra da halako espazio ireki eta libreak sortzea.
«Gazte zein helduentzako irekita bagaude ere, bereziki, gazteak animatu nahi ditugu»
Sustatu behar da irakurzaletasuna?
N.A.: Zerikusi handia dauka denbora libreak. Izan ere, jende askok ez du dedikatu nahi daukan denbora libre gutxi hori irakurtzera, pentsatzen duelako neketsua dela.
G.E.: Gazteek irakurtzen ez dutela entzuten da askotan, baina gazteetatik harago doan zerbait da hori. Egia da irakurle taldeetan, askotan, jubilatuek hartzen dutela parte, denbora libre gehiago dutelako. Gure taldean nahiko gazteak gara denak eta, horregatik, gazte zein helduentzako irekita bagaude ere, bereziki gazteak animatu nahi ditugu.
Nola hartu daiteke parte Momentuz irakurle taldean?
N.A.: Gurekin harremanetan jarriz, sare sozialen bidez edo beste edozein modutan. Bere denbora irakurtzera inoiz dedikatu ez duen edo dedikatu ezin izan duen jendearentzat aukera on bat izan daiteke irakurle taldea, sozializazioaren bidez, taldean, errazago egiten direlako gauzak.