Kaiko lizentzia onartu zuen funtzionarioa eta bere semea «gutxienez beste lautan» elkarrekin aritu dira, salatu dutenez
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak irregulartasunak salatu ditu Parte Zaharreko lizentzia askoren harira, baita salatu ere "onuraduna" ostalaritza dela "beti". Azalpenak eta ardurak eskatu dituzte.
Kaiko ostalaritza establezimendu baten lizentzia irregularraren aferak zalaparta sortu du egunotan. Izan ere, Kaia pasealekuko 11. atarian dagoen taberna —Ostertz lehen, Kantina Kaia orain— ostalaritza establezimenduen 1. multzotik (ezin dute alkohola saldu eta sukaldea jarri) 2. multzora (alkohola saldu dezaketenak) pasatzeko baimena eman zuen Donostiako Udaleko Hirigintza Sailak, “eremu saturatu” gisa izendatuta dagoen zona batean eta, beraz, modu irregularrean. Gainera, udaleko Jarduera Zerbitzuko burua, udalean urteak daramatzan funtzionario bat dena, establezimenduaren kategoria aldaketaren alde agertu zen, haren semearen aholkularitzak idatzitako txosten teknikoan oinarrituta.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salaketa aurkeztu zuen udalean eta epaitegietan, EH Bilduk asteazkeneko udal batzordeetara eraman zuen gaia eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi zuen lizentzia hori baliogabetu egingo dutela, baita beste batzuk berrikusiko dituztela ere; EH Bildu, Elkarrekin Donostia eta PP kritiko agertu dira udal gobernuaren jardunarekin. Gaia, ordea, harago doa, eta horren inguruko prentsaurrekoa eskaini du ostiral goizean udaletxean Parte Zaharrean Bizik, Iñigo Cabañas eta Xabier Arberas kideen bidez.
Auzo elkarteak gogorarazi duenez, Jarduera Zerbitzuko burua eta txosten teknikoa egin duena senideak izanik —ama-semeak, hain justu—, funtzionarioa “legez behartuta zegoen prozeduran esku hartzeari uko egitera eta bere nagusiei jakinaraztera, baina ez zuen halakorik egin”. Eta, nabarmendu dutenez, ez da ama-semeak “batera” aritu diren kasu “bakarra”, zerbitzuburuaren nahitaezko uko egiterik gabe: “Hala gertatu den beste lau espedienteren berri eman diegu Hirigintzako zinegotziari eta Hirigintzako zuzendariari. Ziur aski, egongo dira beste batzuk, eta beraiei dagokie ikertzea. Atzerapenik eta ahazterik gabe, espedientea ireki eta ebatzi egin behar da, zeren eta, ez dezagun ahaztu, esku hartzeari uko egiteko eginbeharra ez betetzea diziplina falta larria edo oso larria da”.
«Hala gertatu den beste lau espedienteren berri eman diegu Hirigintzako zinegotziari eta Hirigintzako zuzendariari»
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea
Arzallusek, bestalde, asteazkeneko batzordean adierazi zuen urtean “6.000 espediente inguru” izapidetzen dituztela, eta ez duela “astirik” prozeduran parte hartzen duten “pertsonen artean familia harremanik baden” ikusteko. Hartu beharreko neurriei dagokienez, ez zuen argitu irregulartasuna baimendu zuen Hirigintza Saileko funtzionarioarekin zer gertatuko den. Parte Zaharrean Bizik, aldiz, “norbaitek azalpenak eman beharko” lituzkeela nabarmendu du.
“‘Modus operandi’ zehatz bat”
Auzo elkarteak salatu du kaiko tabernaren lizentziaren gaia “modus operandi oso baten barruan” kokatu behar dela, eta horren “onuraduna” beti berbera dela: “Parte Zaharreko ostalaritzaren sektorea”. “Arauak, ustez, denontzat berdinak dira, baina ez dira berdin aplikatzen denontzat”, gaineratu dute. Era berean, kritikatu dute ostalaritza establezimenduen arau hausteak “beti arau hauste arin gisa” erregistratzen dituela udalak, “nahiz eta arau hauste bera behin eta berriro egin”.
Ildo beretik, udal arduradunen “utzikeria” salatu dute auzo elkarteko kideek, afera honetan zein beste hainbatetan: “Modus operandi honen beste eredu bat da aldundiaren eta udalaren arteko utzikeria Parte Zaharreko baimenik gabeko lanen aferan: 42 salaketa aurkeztu genituen eta, azkenean, Arartekoak arrazoia eman zigun, udalari esanez bere ardura zela salaketen ardura hartzea eta beharrezko esku hartzeak egitea eta zigorrak jartzea. Hala ere, orain arte, 42 salaketa horietatik, soilik hamarren inguruko erantzuna eman du Hirigintzak”.
Auzo elkarteak salatu du kaiko tabernaren lizentziaren gaia “‘modus operandi’ oso baten barruan” kokatu behar dela, eta horren “onuraduna” beti berbera dela: “Parte Zaharreko ostalaritzaren sektorea”
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea
Hori ez da izan, ordea, Parte Zaharrean Bizik jarri duen eredu bakarra udal agintarien “utzikeria” salatzeko, legez kanpoko biltegien afera ere gogorarazi baitute auzo elkartekoek: “Konturatu ginen auzoan hutsik zeuden lokal asko, bere garaian merkataritza txikiak erabiltzen zituenak, ostalaritza establezimenduak biltegi gisa erabiltzen ari zirela, baimenik gabe. Udala, ia beti bezala, gure elkartearen salaketaren harira hasi zen mugitzen. Horren inguruko mozioa aurkeztu zuen udalbatzar batean EH Bilduk, onartu egin zen, baina, ez dugu ezer jakin eta gaiak berdin jarraitzen du”.
Horrez gain, salatu dute auzo elkarteak salaketa bat egiten duenean, “Udaltzaingoa handik bi astera edo hilabete batera” agertzen dela, edo “arazorik ez dagoen orduetan”. Bestalde, udalaren gardentasunaren inguruan, salatu dute udalak “informazioa ukatzen” diola auzo elkarteari askotan, elkartea “alde interesatua ez dela argudiatuta”.