Etorkizuneko Errekatxuloko hazia erein dute
Haritzaldek eta IRUTXULOKO HITZAk antolatuta, zuhaitz landaketa egin zuten igande goizean hogei bat lagunek, Añorgako Errekatxulo eremuan. Berdeguneen garrantzia aldarrikatu zuten, industriaz eta hirigintza proiektuz inguraturiko eremu batean.
Donostiak 130 bat zuhaitz gehiago ditu igandetik, Añorgako Errekatxulo eremuan zuhaitzak landatzen aritu ziren herritarrei esker. Iaz Altzako Auditz Akular eremuan antolatutakoaren ildo beretik, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta IRUTXULOKO HITZAk elkarlanean antolatu zuten zuhaitz landaketa, hedabide honen hogeigarren urteurrenaren testuinguruan.
Eguraldia ez zen onena, baina euriari eta haize ufadei aurre eginez, hogei bat lagun, haurrak zein helduak, Belartzako industriagunean elkartu ziren 10:30ean, antolatzaileen deialdiari erantzunez. Horrela, Errekatxulo errekastoa jarraituz, udal biltegiaren atzealdeko berdegunera iritsi ziren herritarrak, bertan zuhaitzak landatzeko. Xabier Rubio Haritzaldeko kidearen azalpenak arretaz entzun ostean, aitzurrak eta zuhaitz eta zuhaixka aldaxkak hartu zituzten boluntarioek, eta ingurua zuhaitzez betetzeari ekin zioten.
Haritzaldek eta beste eragile ekologista batzuek eskatu ostean, Donostiako Udalak errekastoa eta ingurua lehengoratu zituen, eta errekastoaren ertzetan ibar basoa sortzeko eta inguruetan baso misto atlantikoa bultzatzeko lanak egiten ari da Haritzalde: “Gaurkoan, 130 zuhaitz eta zuhaixka landatu ditugu. Honezkero, inguru hartan 600 zuhaitz inguru landatu ditugu. Gaurkoan, urkiak, haritzak, gaztainondoak, lizarrak, elorri zuriak, sagarminak, makatzak, gorostiak eta erramuak landatu ditugu. Aurretik, horietaz gain, otsalizarrak, mazpilak, gereziondoak, intsusa beltzak, elorri beltzak, astigar arruntak, astigar txikiak, haltzak, sahatsak, zuhandorrak eta hurritzak landatu izan ditugu han”, azaldu zuen Rubiok.
Askotariko zuhaitz eta zuhaixka espezieak landatzearen garrantzia nabarmendu zuen Rubiok, izan ere, horrela, dibertsitate handiagoko basoa sortuko da bertan, ingurua aberastuko duena eta askotariko animaliak erakarriko dituena: “Txoriek zuhaitzen fruituak jango dituzte eta haziak sakabanatuko dituzte, baso hau ez ezik, ingurukoak ere aberastuz”, azaldu zuen Haritzaldekoak egitasmoaren hasierako azalpenean.
Bi ordu inguruz lanean aritu ostean, ederra zen eremuaren itxura: hamarnaka zuhaitz eta zuhaizka berri landatuta, makilez eta kartoi biodegradagarriez behar bezala babestuta, haur eta helduen auzolanaren fruitu. Ondo merezitako hamaiketakoa egin zuten ondoren boluntario guztiek elkarrekin, egindako lanaz harro.
Naturzaleen elkarte donostiarrak 30 urtetik gora daramatza ingurumenaren aldeko borrokan, eta antolatzen dituzten jarduera ohikoenen artean daude zuhaitz landaketak, 1997an lehenengoa Mendizorrotzen egin zutenetik. Ordutik, 7.000 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte, Donostian zein Donostiatik kanpo. Horrela, joan den urtean Auditz Akularren gertatu zen moduan, igandean, IRUTXULOKO HITZAren laguntza izan zuen Haritzaldek, balio garrantzitsu batzuk partekatzen baitituzte hedabideak eta elkarteak: naturazaletasuna, ekologismoa eta biodibertsitatearen defentsa, besteak beste.
Harri betelana, gertu
Errekatxulo eremua hautatu izana ez da nolanahiko kontua. Izan ere, Rubiok gogorarazi zuen handik “200 bat metrora” dagoela, duela ia hamar urte, Belartza Goikoa eremuko harri betelan ilegala. 2016an egin zuten harri betelana lursail natural horretan, eremuaren jatorrizko izaera kaltetuz. Haritzalde urte luzez gogor borrokatu da epaitegietan, berdegunearen alde, erantzukizunak eskatuz. Horrela, EAEko Auzitegi Nagusiak 2019an ebatzi zuen isurketa hura ilegala izan zela, eta Valeriano Urrutikoetxea (VUSA) enpresa eta lursailen jabea eta Donostiako Udala zigortu zituen. Horrekin batera, lursail naturala lehengoratzeko eskatu zuen auzitegiak. Ordea, ez da horrela gertatu eta eremu horretan industrialde bat eraikiko dute, Belartza II izenez ezaguna. Bertan, logistika zentro bat, hotel bat, pabiloiak, ostalaritzako zerbitzuak eta gasolindegi bat jarriko dituzte.
Egungo proiektua ez da Errekatxulo errekastoraino heltzen, baina Rubiok azaldu zuenez, hasiera batean bai: “Lortu genuen honaino ez iristea eta errekastoa lehengoratzea, beste eremu batzuetan dagoen moduan, hormigoizko hormekin kanalizatuta baitzegoen. Hasieran, meandro bat ere egiteko proposatu genuen, baina azkenean horrela gelditu zen, nahiko zuzen”. Errekastoa lehengoratuta, beraz, zuhaitzak landatzeari ekin zioten naturazaleek eta, norabide horretan, beste urrats bat egin zuten igandean.
Zuhaitz igela
Eremua lehengoratzeko bidean, pauso gehiago eman daitezkeela nabarmendu zuen Rubiok: “Hegoaldeko zuhaitz igela honaino iritsi daiteke, hemendik gertu erregistratu izan baitugu bere presentzia. Horregatik, hemen pare bat putzu egitea proposatu izan dugu, igelaren ugalketa eremua zabaldu nahian”.
Gogoratu behar da Hegoaldeko zuhaitz igela Donostiako ikurretako bat dela —Dbus autobus konpainiaren logoan dago, besteak beste—. Igeldo inguruan bizi dira igeltxo horiek, eta duela 25 urte baino gehiago, Haritzalde haren defentsan hasi zen, XX. mendearen bukaeran inguruko putzu ugari desagertu zirelako. 2001ean, Haritzalderen ekimenez, espeziearen kudeaketa plana garatu zuten, putzu sare bat sortuz, Igaran, Igeldon eta Ulian, nagusiki.
Momentuz, ez dago putzurik Errekatxulo eremuan, baina bai zuhaitz berri ugari. Hori bereziki garrantzitsua da klima larrialdiaren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa baita hirietan arnasguneak sortzea: hiri bizigarriagoak eraikitzea ezinbestekoa da. Eta, batek daki, auzolanean landatutako zuhaitz horiek guztiak hazi eta baso aberats bat sortzen denean, akaso, eroso ibiliko dira handik Donostiako igeltxo maitatuak, txoriak, arrainak, ugaztunak, Donostiako gerriko berdearen zatitxo horretaz disfrutatzen.
Horregatik, harro egon daitezke Haritzalderen eta IRUTXULOKO HITZAren egitasmoan parte hartu zuten herritarrak, etorkizuneko Errekatxulo sortzeko hazia ereiten lagundu baitzuten, hiri bizigarriago bat eraikitzearen aldeko euren ekarpentxoa egin baitzuten.
Jarraian, Andrea Bosch Alfaro argazkilariak zuhaitz landaketan egindako argazki bilduma ikus dezakezue: