Irlandako preso errepublikanoen egoera izango dute hizpide
Aske euskal presoen amnistiaren aldeko antolakundeak hitzaldi bat antolatu du asteazkenerako, Parte Zaharreko Arrano elkartean, 18:30ean. Irlandako preso errepublikanoen egoera eta herrialde horretako egoera politikoa izango dituzte hizpide hitzaldian eta, horretarako, IRPWA Irlandako preso errepublikanoen aldeko antolakundeko kideak gonbidatu dituzte.
Horrela, IRPWAko kideen ahotik, preso errepublikano irlandarren egoeraren, euren aldeko borrokaren eta Irlandako egoera politikoaren berri izango dute bertaratzen direnek. Hain zuzen ere, gai horiei buruzko informazioa jasotzea eta “Irlandan presoen alde eta errepresioaren kontra aurrera eramaten dituzten borroketatik ikastea” dira hitzaldiaren helburuak, Askek azaldu duenez.
“IRPWA antolakundeak hemezortzi preso errepublikanoren eta beraien familien sostengu ekonomiko, juridiko eta politikoa eramaten du aurrera. Aipagarria da oraindik ere irlandar preso errepublikanoak existitzen direla, izan ere, Sinn Feinak Ostiral Santuko Akordioa sinatu zuen gobernu britaniarrarekin, Ipar Irlandako gatazkaren amaiera suposatu behar zuena. Gatazkaren amaiera ekarri ez, eta, gainera, akordio honek 1981ean Bobby Sandsi bere bizitza galdarazi zion gose grebaren bitartez lortutako estatus politikoa bertan behera uztea suposatu zuen, espetxean aurkitzen ziren eta diren irlandar errepublikano presoentzat”, gaineratu du Askek.