La Cumbre udalaren eskuetara pasatzeko exijitu dute
Pili Zabalak eta Axun Lasak —Joxi Zabalaren eta Joxean Lasaren arrebak, hurrenez hurren—, Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari Javier Bucesekin batera, Aieteko La Cumbre jauregia memoria gune bilakatzeko proiektua aurkeztu dute astelehenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Giza Eskubideen Batzordean, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta. Bertan, 2022an Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk erdietsitako akordioa behingoz betetzeko exijitu dute, eta Espainiako Gobernuak jauregia Donostiako Udalaren esku uzteko.
Pedro Sanchezen gobernuak eta koalizio abertzaleak Espainiako Memoria Demokratikoaren legea onartzeko egin zuten akordio hori, duela ia hiru urte. Horren bidez, GALek Lasa eta Zabala torturatzeko erabili zuen jauregia udalaren eskuetara pasatu behar zen legea indarrean sartu eta urtebetera —2023ko urrian—, bertan memoria gune bat sortzeko.
Esku aldaketa ez da gauzatu, baina pauso batzuk eman dira Euskal Herritik: iazko abuztuan, udalak Espainiako Gobernuari helarazi zion La Cumbre memoria gune bihurtzeko proposamenaren zirriborroa eta, urrian, proiektu landu eta mamitsu bat aurkeztu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak, Argituz elkarteak, Altzako Mikel Zabalza Herri Ekimenak, Berridatzi elkarteak, Egiari Zor fundazioak eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek.
Proiektuaren xedea da La Cumbre “ikerketarako, biktimen aitortzarako eta erreparaziorako eta, batez ere, dibulgaziorako gunea” izatea, eta hori da, hain zuzen ere, batzar nagusietan aurkeztu duten proiektua. Era berean, senideek salatu dute “erresistentzia” handiegia dagoela legeak dioena bete eta La Cumbre udalaren eskuetara pasatzeko, eta horrek ez diola mesederik egiten “elkarbizitzari”. Halaber, deitoratu dute estatuaren indarkeriaren biktimek ez dituztela aitortura beste biktima batzuek aitortuta dituzten eskubide berberak.
Alderdien erreakzioak
Zabalaren, Lasaren eta Bucesen aurkezpenaren ostean, EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko, PPko eta Elkarrekin Podemoseko batzarkideek hartu dute hitza, bakoitzak bere ikuspegia helarazteko.
Alderdi jeltzaleko Ianko Ganboak nabarmendu du La Cumbrek “biktima guztiak eta urraketa guztiak” izan behar dituela hizpide, baina “Lasa eta Zabalari gertatutakoaren kontakizuna” izan behar duela “ardatz nagusitzat”. EH Bilduko Luix Barinagarrementeriak, bestalde, salatu du jauregia oraindik udalaren eskuetara pasatu ez izana, eta zera nabarmendu du: “Biktima guztiek merezi dute errekonozimendua, baina orain arte modu desorekatuan egin da, estatuaren indarkeriaren biktimen kaltetan”.
PSE-EEri dagokionez, 2022ko akordioa “betetzeko” dagoela adierazi du Arritxu Marañonek, baina, esan duenez, proiektua eztabaidatzeko lekua, batzar nagusiak baino, Donostiako Udala da. Elkarrekin Podemoseko Marivi Eizagirrek, bestalde, La Cumbre udalaren eskuetara pasatu behar dela aldarrikatu du, eta nabarmendu du bertan memoria gune bat sortzeak ez duela esan nahi “biktimizazioa eragin duten prozesuak eta biktimizazioa iraunarazi dutenak berdintzea, baizik eta sufrimendu guztiak barne hartzen dituen errespetu eta enpatia jarrera bat hartzea”.
Azkenik, PPko Jorge Mota batzarkideak, Donostiako Udaleko zinegotzia ere badenak, eskatu du ETAren biktimek ere lekua izatea La Cumbreko memoria gunean. Era berean, nabarmendu du ez dagoela La Cumbren frankismoaren eta Poliziaren biktimak oroitzearen aurka, beti ere, biktima horiek behar bezala “dokumentatuta” eta “babes judiziala” baldin badute.
Horren guztiaren aurrean, Bucesek gogorarazi du euren proiektuak “biktima guztiekiko errespetatua sustatzea” jasotzen duela, baina legeak espresuki dioela La Cumbre eta Ezkabako gotorlekua estatuaren biktimak oroitzeko guneak izango direla. Era berean, dokumentazioari buruz, Zabalak gogorarazi du kasu asko eta asko argitu gabe daudela oraindik, eta, bide horretan, “oztopo” handi bat dela oraindik ere Espainiako Sekretu Ofizialen Legea.