Ongizan programa abiatu du udalak, nerabeen ongizate emozionala sustatzeko
Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak Ongizan programa jarriko du abian, hiriko nerabeen ongizate emozionala eskola ingurunetik lantzeko proiektua. Hain zuzen ere, nerabeei laguntza eskaintzen dien Gaztedi zerbitzuaren laguntzarekin, programa horren esperientzia pilotua garatuko dute datozen hilabeteetan, Antigua-Luberri BHI, St Patrick’s English School, OLH Adsis Donostia eta Cebanc hezkuntza zentroetan, 13 eta 16 urte bitarteko bigarren hezkuntzako ikasleekin, haien familiekin eta irakasleekin, hezitzaileek lagunduta.
Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, “programa honek gizartearen ongizaterako funtsezko alderdi bat landu nahi du modu goiztiarrean, garapen pertsonalaren fase kritiko batean, eta horrek herritarren bizi kalitatea hobetzea ekarriko du”.
Programaren lehen fase hori 2025eko otsailetik ekainera egingo dute aipaturiko lau zentroetan, hurrengo ikasturteetan ikastetxe gehiagotara zabaltzeko asmoarekin. Ongizanen helburu nagusiak dira nerabeei erresilientzia tresnak eta baliabide eraginkorrak ematea, garapen pertsonala eta ingurunera modu osasungarrian egokitzeko, eta irakasle, guraso edo tutoreei nerabeen egokitzapen osasungarria sustatzen laguntzea.