Bidebietako auzo azoka txikia antolatu dute iganderako
Bidebietako Bideak auzo elkarteak auzo azoka txikia antolatu du Bideberri institutuan iganderako (otsailak 2), 10:00etatik 14:00etara. Bertan, erabiltzen ez dituzten objektuak saldu nahi dituzten herritarrak eta gertutasunezko produktuen ekoizleak egongo dira, hainbat postutan banatuta. Hain zuzen ere, postu bat jartzeko izen emate epea zabalik dago oraindik, hilaren 30era arte: avvbidebieta.bideak@gmail.com helbidera edo 688 76 10 50 telefonora Whatsapp bidez idatzi behar da izena emateko.
Auzo elkarteak baieztatu du gutxienez bost auzoko bost bizilagun eta elkarteko bazkidek jarriko dituztela euren postuak, eta bertan izango dela ere, besteak beste, gozogintza artisaua ekoizten duen Mañeko enpresa.
Hilabetero
Bideak-ek azaldu duenez, azoka hilean behin antolatzen jarraitzeko asmoa dute, eta hala adostu dute Bideberri institutuarekin, espazio horretan egin ahal izateko.
Balio jakin batzuk nabarmendu nahi dituzte azokaren bidez, azaldu dutenez: “Auzo elkarteak egitasmo hau antolatzea erabaki du, bermatzeko nabarmendu nahi nahi diren balioen arabera egingo dela, hau da, gure komunitatearen loturak sendotzea, ekonomia zirkularra hobetzea, hainbat artikulu berriz aprobetxatzea eta kalitatezko eta hurbileko elikagaiak kontsumitzea. Udalak Ekialdeko Barrutiko azoka txikian Bideak-ekin adostutako baldintzak bete ez ondoren (hasierako aurrekontua 36.000 eurokoa zen, eta aurrekontu parte hartzaileetara aurkeztu zen), gure elkarteak proiektu horretatik aldentzea erabaki du, eta proiektu propioa bultzatzea, gure bizilagunek espero zutenarekin bat datorrena, elkartearen baliabide propioekin finantzatuko dena”.