Egia kaleko bidegorria berritzeko proposamena aurkeztu du Kalapiek
Donostiako Udalak Egia kaleko bidegorria berritzeko asmoa du, eta aurten egiteko aurrekontua duela nabarmendu du Kalapie elkarteak. Hori dela eta, proposamen bat plazaratu dute, Egia Bizirik auzo elkartearekin batera landu dutena.
“Kalapietik, Urumea inguruko auzo guztiak hiriko erdigunearekin lotzeko bide garrantzitsua da. Ibai inguruko auzo hauek populazio handia dute, eta, datozen urteetan gehiago handituko direla aurreikusten da. Beraz, kalitatezko bidegorria izateak ardatz honetan gure hirian bizikleta mugikortasuna sustatzen asko lagundu dezake”, azaldu du elkarteak.
Proposamenak bi norabideko bidegorria proposatzen du, “kalearen alde batean banatua, bizikletaz ibiltzea errazagoa eta erosoagoa izan dadin, batez ere esperientzia gutxien duten erabiltzaileentzat eta/edo adinekoentzat eta haurrentzat”. Proposamenak oinezkoen pasabide berri batzuk ere jasotzen ditu, “oinezko mugikortasuna errazteko, eta autobus geltokietan oinezkoen eta bizikleten arteko elkarbizitza erraztuko duen diseinu bat”.
Azkenik, proposamenean ia aparkaleku guztiak mantendu ditu elkarteak. “Hala ere, gure hirian autoek hartzen duten gehiegizko espazioa pixkanaka gutxitzearen alde gaude, eta sortzen diren espazio berri hauek beste erabilera batzuetarako erabiltzearen alde; hala nola, berdeguneetarako, espazio publikorako, espaloi/bidegorri zabalagoetarako edo garraio publikorako”, azaldu dute.
Egiako bizilagunen oniritzia jaso ondoren, proposamena mugikortasun departamentura bidali du Kalapiek, berrikusi eta aztertu dezaten. Udalaren Partaidetzako Aurrekontuei esker egin du aurrera proiektuak. Izan ere, herritarrek proposatu eta bozkatu zuten, beste proposamen askoren artean.