Felix Iranzo argazki funtsa handitu du Altzako Historia Mintegiak
Altza oso bestelakoa zen 1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, eta argi ikusten da hori Felix Iranzo argazkilari altzatarrak (Requena, Herrialde Katalanak, 1912—Donostia, 1991) hamarkada horietan egindako argazkietan. Hain zuzen ere, Altzako Historia Mintegiak haren argazki asko zituen gordeta eta eskuragarri Altzako Tokiko Bilduman, baina funtsa handitu berri dute.
“Iaz, bere seme Manolo Iranzok oraindik familiak gordetzen zituen 6×6 formatuko negatibo fotografiko ugari eman zizkigun. Felixek bere argazki lanak antolatzeko zuen sistemak aukera ematen digu baieztatzeko, zati handi bat berreskuratu den arren, bere argazki ekoizpenaren erdia baino gehiago galdu egin dela. Digitalizazio prozesua ez da erraza izan negatiboen tamaina bereziagatik. Horretarako, Kike Muñozen laguntza paregabea izan dugu, negatiboak garbitu baititu, ondoren eskaneatzeko. Manolo Iranzorekin batera egindako argazkien dokumentazio lan baten ondoren, argazkiak Altzako Tokiko Bilduman katalogatu dira”, azaldu du Altzako Historia Mintegiak.
Horrela, lan horri esker, Felix Iranzok XX. mendearen bigarren erdialdean Altzan egindako ia 200 argazki ikus daitezke Altzako Tokiko Bilduman, garaiko Altzako jendea, giroa eta eraikinak erakusten dituztenak.