Neurri bereziak hartuko dituzte Realak PAOK Salonikaren aurka duen partidarako
Donostiako Udalak, Realak, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak neurri bereziak koordinatu dituzte Reala eta PAOK Salonika futbol taldeek hilaren 30ean, ostegunean, 21:00etan Anoetan jokatuko duten partidarako.
“Partidak nazioarteko izaera du eta horrek milaka zale erakarriko ditu, besteak beste, Greziatik iritsitako ia 1.500 zale. Hori dela eta, dispositibo berezia antolatu da, hain zuzen ere, Amara Berri auzoko eta Anoeta inguruko trafikoari eragingo dion dispositiboa”, azaldu dute.
Neurri bereziak ostegun arratsaldean hartuko dituzte, Anoeta inguruko sarrera-irteeretako segurtasuna bermatzeko. Hori dela eta, arduradunek garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute estadio ingurura hurbiltzeko, izan ere, une batzuetan hainbat trafiko mozketa egin daitezke, besteak beste, estadiora taldeen autobusen edo kanpoko zaleen iritsierak direla eta.
Aldizkako trafiko mozketak 18:00etatik aurrera
18:00etatik aurrera trafikoa eten ahal izango da Urumea pasealekuan, Madril hiribidean (Pio XIItik aurrera), Errondo pasealekuan (Portutxo plazatik aurrera) eta Zorroaga pasealekuan (Toribio Alzaga eta Aita Donostiaren artean).
Era berean, arratsaldeko lehenengo ordutik ezingo da ibilgailu pribatuan Anoeta barrura sartu. Beraz, estadioaren inguruko kirol instalazioetara (Izotz Jauregia, Karmelo Balda, Paco Yoldi, Antonio Elorza Belodromoa edo Josean Gasca kiroldegia) jardueraren bat egitera joan nahi dutenei oinez edo garraio publikoan joatea gomendatu diete. Ibilgailu pribatuan joan nahi badute, Illunbe ingurura bideratuak izango dira, eta bertan aparkatu beharko dute. Ondoren, GI-20 zeharkatzen duen oinezkoen pasabidetik Anoetako kirol eremura sartu ahal izango dira.
Partida amaieran, ohi bezala, Aita Donostia plazaren inguruko trafikoa 15-20 minutuz etenda egongo da, Anoetatik ateratzen diren zaleen irteera arintzeko.
Amara Berriko auzotarrak
Anoetan Realak partidak jokatzen dituen gainerako egunetan bezala, 5-1 Amara sektoreko TAO baimena duten egoiliarrek, urtarrilaren 29tik 31ra, biak barne, libreki aparkatu ahal izango dituzte haien ibilgailuak 1-2 Erdialdea, 1-5 Morlans, 5-2 Loiolako Erriberak eta 5-3 Loiola sektoreetan. Sektore horietan, TAOko titularrei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatuko zaizkie.
Hala ere, egoiliar horiek ezin izango dute doan aparkatu nahitaezko ordainketa eremuetan (15 eremuetan), ezarritako erregulazio ordutegiaren barruan.
Poliziak presentzia areagotuko du
Egun osoan zehar Ertzaintzak eta Udaltzaingoak euren presentzia areagotuko dute hirian, “eguneroko ohiko jardueren eta partida aurretiko giroaren arteko bizikidetza bermatzeko”.
Era berean, gogorarazi dute kirolaren bortizkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta tolerantzia ezaren aurkako legeak “kirol instalazioetan edo inguruetan bengalak eramatea edota erabiltzea debekatzen duela, eta bide publikoan erabiltzea ere Hiri Segurtasuna Babesteko Legea erabilita zigortu daitekeela”.