Udalak 2,37 milioi euro bideratuko ditu irabazi asmorik gabeko elkarteentzat
Donostiako Udalak irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuentzako 2025eko diru laguntzen deialdia arautuko duten oinarri orokorrak eta udal sailei dagozkien oinarri espezifikoak onartu ditu, baita helburu horretarako 2.372.756 euroko aurrekontua ere.
Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, diru laguntza horien bidez, udalak “koherentziaz lagundu nahi du” herritartasun demokratikoaren balioak sustatzen laguntzen duten proiektuetan.
Diru laguntzen aurrekontua horrela sailkatu dute:
- Gizarte ongizatea: 274.800 euro.
- Herritarren parte hartzea: herritarrek parte hartzeko proiektuak (26.955,55 euro), eta auzo elkarteak mantentzeko gastuak (43.418,45 euro).
- Berdintasuna: 82.000 euro.
- Gazteria: 68.000 euro.
- Garapenerako lankidetza eta hezkuntza: garapenerako lankidetza (1.172.089 euro), eta gizartea eraldatzeko sentsibilizazioa eta hezkuntza (516.283 euro).
- Giza eskubideak eta memoria historikoa: bake proiektuetarako eta gutxiengoetarako diru laguntzak (50.240 euro).
- Osasuna eta Ingurumena: erakundearen ohiko jarduerari eustea (5.500 euro) eta ingurumenaren arloko proiektu espezifikoak garatzea (19.060 euro).
- Euskara: auzoetako plan integralak (42.500 euro), jarduera zehatzak (10.260 euro) eta euskararen eguneko programak (7.500 euro).
- Kultur aniztasuna: kultura aniztasunarekin lotutako ikerketa proiektuak (8.000 euro), eta harrera, sentsibilizazio, bizikidetza eta partaidetza proiektuak (46.150 euro).