Ategorrietako Maria del Carmen etxearen eraisketan delitu zantzurik den ikertuko dute
Ancora elkarteak jakinarazi duenez, Donostiako Instrukzio Epaitegiak ebatziko du Ategorrietako Galtzada Zaharreko Maria del Carmen landetxearen eraisketan delitu zantzurik dagoen. “Zehazki, prebarikazioa eta ondare historikoaren aurkako delitua”, adierazi dute.
Ramon Cortazar arkitektoak eraiki zuen 1912an, eta ia 2.000 metro koadroko zuhaitz lursaila zuen. Donostiako Udalak Hiri Ondarearen Babeserako Plan Bereziaren (HOBPB) azken berrikuspenean babestu zuen, D graduarekin. 2021ean, Lurain XXI promotoreak lursailean igerilekuak eta garajeak dituzten sei etxebizitza eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen, eta udalak lizentzia eman zion.
Ordea, iazko otsailean, etxearen hainbat elementu bota zituzten. Horren aurrean, Ancorak idatzi bat aurkeztu zuen, obrak geldiarazteko eskatuz. “Egiaztatu genuen Hirigintza Saila legez kanpoko jarduerak baimentzen ari zela, besteak beste, estalki babestua eraistea eta erabat berria jartzea, fatxadako bilbadura iraunkorrak eraistea, bao babestuak oro har aldatzea, arkupea eta lorategira jaisteko mailadia suntsitzea, finkaren aurreko itxitura kentzea eta kanpoko isolamendu termikorako sistema bat instalatzea, aurrez ezarritako baldintzak bete gabe”, nabarmendu du elkarteak.
Udalak erantzunik eman ez zuenez, 2023ko apirilean salaketa jarri zuen Ancorak Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzako Ingurumen eta Hirigintza Sailean, eta horrek ikerketa agindu dio Ertzaintzari. “Eraikina ikuskatzeko bisitan, agenteek hainbat kalte ikusi zituzten katalogatutako elementuetan, bai eta etxebizitza berrien eraikuntza ere, hiribildu historikoaren fatxada nagusiarekin kontaktuan, araudiak atzeko aldean soilik baimentzen duen arren”, azaldu dute.
Elkartearen arabera, fiskalak ondorioztatu du “delitu zantzuak” daudela, eta jarduketak Donostiako Instrukzioko Epaitegira bidaltzeko agindu du, “zigor prozedura hasteko eskatuz”.