Donostia martxan jarri da Euskaraldirako
Maiatzaren 15etik 25era egingo da laugarren Euskaraldia, eta Euskal Herriko hiriak eta herriak izena ematen hasi dira hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko helburua duen ariketa sozialean parte hartzeko. Donostiak izena eman berri du, eta Bagera elkartea zein Donostiako Udala lanean hasi dira laugarren edizioa hirian ere arrakastatsua izan dadin.
Udalak Euskaraldian parte hartzera gonbidatu dituzte hiriko gainerako entitateak. Horrekin batera, izena emandakoan bideo bat grabatu du sarean zabaltzeko, eta izena ematen duten gainerako entitateei ere gauza bera egiteko eskatzen die: bideo labur bat grabatzea Euskaraldian izena eman dutela adierazteko.
Euskaraldian parte hartu nahi duten Donostiako entitateek izena eman dezakete dagoeneko https://euskaraldia.eus/ webgunean. Entitateek bi modura parte har dezakete: oinarrizko eran edota lanketa sakonagoa eginda.
Oinarrizko proposamena lantzea aukeratzen dutenek honako hauek bete beharko dituzte:
- Entitateko kide guztiei edota bezeroei Euskaraldiaren berri eman eta ahobizi eta belarriprest izatera gonbidatu.
- Ariketa ondo egiteko eta rolean eroso aritzeko prestakuntza tresnak aztertu eta kideekin partekatu.
- Entitatea ariketan parte hartzen ari dela ikusgarri egin ( barne eta kanpo komunikazioa, txapak erabili, espazioa apaindu, eta abar).
Lanketa sakona egitea aukeratzen duten entitateek, oinarrizko proposamenean jasotakoez gain, euskararen erabileran sakontzeko aurrerapausoak aztertzeko eta inplementatzeko aukera izango dute:
- Ariguneak osatzeko aukera aztertzea.
- Euskara lan hizkuntza izatea.
- Hizkuntza harrera plana ezartzea…
Lanketa hau aurrera eramateko aholkularitza eta baliabideak izango dituzte (Intraneterako sarbidea, lan saioak, foroetan parte hartzeko aukera) eta banakako kontsulta zerbitzua ere eskainiko zaie.