Udaltzaingoaren barruan izandako sexu jazarpen akusazioak ikertzeko eskatu dute
Donostiako Udaleko Langileen Batzordeko kide diren sindikatuek eskatu dute Udaltzaingoaren barruan kanpoko ikerketa “inpartziala eta objektiboa” egin dezatela, Udaltzaingoko agintari baten aurka sexu jazarpenagatik sare sozialetan agertu diren akusazioengatik. El Diario Vasco egunkariak argitaratu du informazioa, barne dokumentua iturri gisa erabiliz.
Hedabide horren arabera, idatziak dio salaketa Cristina Fallaras kazetariaren Instagram kontuaren bidez egin zela, eta bertan aipatzen dela Udaltzaingoaren barneko hainbat emakume izan direla agintari horren sexu jazarpenaren biktima. Kontu horrek indarkeria matxista jasan duten emakumeen testigantza anonimoak jasotzen ditu —Iñigo Errejonen aurkakoak hortik atera ziren, besteak beste—, baina biktimak ordu batzuk geroago kentzea eskatu zuen. Hala ere, testigantzaren pantaila argazkiak zabaldu egin dira sareetatik.
Horrela, aipaturiko hedabidearen arabera, zera dio idatziak: “Udaltzaingoaren, Langileen Kudeaketaren eta Laneko Arriskuen Prebentzioaren Zuzendaritzari eskatzen diogu esku hartzen duten alde guztien eskubideak errespetatzen dituen ikerketa bat egin dadila”. Era berean, kautelazko neurri gisa, Udaltzaingoaren barneko sustapena geldiarazteko eskatu dute ikerketa amaitu arte, akusatua mailaz igotzea saihesteko.
Horrez gain, ustez agintari horren sexu jazarpena jasan duten biktimei eta horren lekuko izan direnei euren testigantzak bidaltzeko eskatu diete, “modu anonimo, babestu eta lagunduan”.