Espetxeetako lanuzteek «jarraipen zabala» eduki dute, ELAren arabera
ELA sindikatuak lanuzteetara deitu du gaurko (hilak 30) Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako espetxeetan, “langileentzat funtsezkoak diren gaien inguruan Eusko Jaurlaritzarekin benetako negoziaziorik ez dagoelako”. Horrela, sindikatuaren arabera, “jarraipen zabala” eduki dute lanuzteek. Ohartarazi dute “mobilizazio gehiago gauzatuko dituela Eusko Jaurlaritzaren jarrera errotik aldatzen ez bada eta benetako negoziazioari ekiteko prest ez badago”.
Negoziatu beharreko gaien artean, ELAk nabarmendu duenez, honako hauek daude: “Espetxeen tamainari buruzko Lanpostuen Zerrendaren negoziazio arrazionala, Berariazko Osagarri Berezi baten bidezko lanaren balorazio eraginkorra eta bai zerbitzu publikoa bai kolektiboaren osasuna errespetatuko dituzten lan baldintzak eta ordutegiak ezartzea”.
Era berean, ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzako arduradunek ez dutela “ezer egiten espetxeen euskal eredua abian jartzeko” eta “presoak gizarteratzeko lan baldintza egokiak” eskatu dituzte.