Igarabaren presentzia areagotzen ari da, baita Donostiako arroetan ere
Gladys Enea parkearen inguruan erregistratu dute igarabaren presentzia, besteak beste.
Igaraba arrunta 1960ko hamarkadan desagertu zen Gipuzkoako ibaietatik, baina azken hamar urteotan, pixkanaka, herrialdean berriz sartzen hasi da: 2021ean, Artikutzan ikusitako igaraba baten berri eman zuen Donostiako Udalak —Nafarroan dago Artikutza, baina Gipuzkoako mugan— eta, 2023an, UGASS proiektuaren barruan, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak Donostian —Zubietan, zehazki— grabaturiko igaraba familia baten berri eman zuen, besteak beste. Orain, Gipuzkoan igaraba arruntak eta bisoi europarrak duten presentziaren inguruko URGAZ proiektua garatu du Itsas Enarak, eta horren emaitzen berri eman dute.
Igarabari dagokionez, albisteak onak dira: “Gipuzkoako sei arro hidrografikoetan igarabaren presentzia egiaztatzen duten lehen froga bisualak biltzea lortu du proiektuak. Horrez gain, gutxienez bi arrotan bere ugalketa erakusten duten lehen irudiak lortu dira: Bidasoan eta Orian. Emaitza hauek azken urteotan probintzia osoaren birkolonizazioa bizkortu egin dela adierazten dute”, azaldu du elkarteak.
Zehazki, sei arrotan sei arro nagusietan banatuta dauden ehun puntu baino gehiagotan jarri dituzten laginketak egiteko kamerak, 2023ko maiatzetik 2025eko urtarrilera: Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba arroetan.
Aipatu moduan, Bidasoan eta Orian ugaltzen ari direla ere erregistratu dute; Oriaren kasuan, Abalotz errekaren inguruan egin dute erregistro hori, Donostiako lurretan (Zubieta). Era berean, Donostiako ia erdiguneraino sartu izan dira igarabak, Urumea ibaia Gladys Enea parkearen albotik pasatzen den puntu batzuetan bideoan erregistratu baitute bere presentzia. Jarraian, Donostian igarabak duen presentziaren inguruko bideoa ikus dezakezue:
Ildo horretatik, zera nabarmendu du Hector Gonzalez Arcelus Itsas Enarako presidenteak: “Duela hogei urte, probintziako arro guztietan igarabak izango genituela imajinatzeak ia ezinezko amets bat zirudien. Gaur egun, denetan egoteaz gain, batzuk Donostiako bihotzera sartzen dira”. Hala ere, Gonzalezek ohartarazi duenez, “ez dugu alde batera utzi behar premiazko arreta eskatzen duten arazo larriek jarraitzen dutela. Laginketa egiterakoan, isuriak, egoera larrian dauden erriberak, landaredi aloktono inbaditzaileen ugaritzea eta legez kanpoko arrantzaren kasuak antzeman ditugu, besteak beste”.
Bisoi europarra, gaizki
Igarabaren Gipuzkoako presentzia ez ezik, bisoi europarrarena ere aztertu dute proiektuan, eta, horri dagokionez, albisteak ez dira onak: “Lagindutako puntuetan ez dugu haren presentzia antzeman. Azken ikerketekin bat egiten duen emaitza da, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) ile tranpak erabiliz egindakoarekin, esaterako. Bisoi europarra desagertzeko arrisku larrian dagoen espeziea da mundu osoan, eta, tamalez, badirudi dagoeneko desagertu dela gure lurraldean”, azaldu du Itsas Enarak.
Jarraian, Gipuzkoan igarabak duen presentziaren inguruko bideoa ikus dezakezue: