Loiolako Erriberan gazteentzako alokairu babestuko 84 bizitoki eraikiko dituzte
Loiolako Erriberan alokairu babestuko eta txandakako erregimeneko gazteentzako 84 zuzkidura bizitoki eraikitzeko proiektuak Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso du. Horrela, aurtengo bigarren seihilekoan obrak lizitatu ahal izateko prozesuari hasiera emango diote.
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak atzoko Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu zuenez, kabineteak “Donostiako Udalarekin duen hitzarmenaren eranskin bat onartu du, eta, horren bidez, Donostiako Udalak lursaila Eusko Jaurlaritzari lagatzeko konpromisoa hartu du”, Etxebizitza Sailak 84 apartamentu eraiki ditzan.
Lagapena zuzenean eta doan egiten da etxebizitza babestua eraikitzeko, baina lurzoruak udalera itzuliko dira beste helburu baterako erabiltzen badira. 30 urte igaro ondoren, eta epe horretan lagatzen diren helburuari eusten bazaio, titulartasuna Eusko Jaurlaritzarena izango da erabat.
Eusko Jaurlaritzak obra lizentzia eskatu du dagoeneko, eta gauzatze proiektua idazten ari da, lan horiek aurtengo bigarren seihilekoan lizitatu ahal izateko. Loiolako Erriberako gazteentzako apartamentuak Eusko Jaurlaritzak datozen urteetan Donostian egingo dituen etxebizitza babestuen proiektuetako bat izango dira. Egitasmo horri beste 180 zuzkidura apartamentu gehitu dakizkioke Morlansen, eta 98 Martutene-Campos Eliseosen.
Horrez gain, babes ofizialeko etxebizitzen proiektuak egingo dituzte gaur egun Martuteneko espetxeak eta Easoko trenbideak hartzen dituzten lurretan, eta kasu bakoitzean 400 babes ofizialeko etxebizitza aurreikusi dituzte.
Erriberak Martxan, proiektuaren aurka
Loiolako Erriberan badago talde bat Erriberak Martxan izenekoa, eta azken aldian “nekeak” gehiago ez mobilizatzera bultzatu baditu ere, duela pare bat urte elkarretaratzeak eta beste egitasmo batzuk egiten aritu ziren Eusko Jaurlaritzak auzoko Sahatsa eremurako zuen asmoa geldiarazteko. Izan ere, hasiera batean, Eusko Jaurlaritzak hogei solairuko eraikin bat egitea aurreikusi zuen bertan, 120 bizitoki zerbitzudun egokiturekin.
Hala ere, kexen aurrean “sentiberak” izaten saiatu zirela nabarmendu zuen 2022ko apirilean Jaurlaritzako Pedro Jauregi Etxebizitzako sailburuordeak, eta eraikigarritasuna %40 murriztea erabaki zuten: hogei solairuko eraikinaren ordez, hamahiru solairuko bat eta zazpi solairuko beste bat egitea erabaki zuten, eta orotara, 90 bizitoki zerbitzudun egokitu eraikitzea. Orain jakinarazi dutenez, azkenean, 84 etxebizitza eraikiko dituzte.
Erriberak Martxanen nahia dorreen ordez, helduentzako nahiz gazteentzako aisialdi eremu bat eraikitzea zen. Erreportaje honetan irakur dezakezue taldeari buruzko erreportaje zabala.