Dekadentzia eta kimu berdeak
Zahartuta eta hondatuta, Donostiako kaleetatik kendu eta inork ikusten ez duen biltegi batera eraman dituzte banku donostiar enblematiko hauek. Banku horiek, ordea, norbaiten lehenengo musuaren lekuko izan dira, lagun talde batek pipak jaten zituen bitartean izandako elkarrizketaren lekuko, gaztetxo horiek eztulka erretzen zuten lehenengo porruaren lekuko, haurren jolasen lekuko, eta, tamalez, baita hiri honetan egunero bankuetan lo egiten duen jendea dagoenaren lekuko.
Banku zaharrek inork ikusten ez duen irudi dekadente bat erakusten dute biltegian, baina, zer da dekadenteagoa, usteltzen ari den banku bat ala bere banku ederretan egunero lo egitera behartuta dauden pertsonak eduki eta ikusiko ez balitu bezala egiten duen hiria?
Naturak, ordea, bere bidea egiten du beti, eta edozer bereganatzeko gai da. Moztu dezakezu nahi bezain beste aldiz, baina zu aspertuko zara bera baino lehenago, eta istorio txiki horietatik guztietatik, dekadentziatik, loratuko da etorkizun berri bat, kimu berde txiki batetik hasita. Hala pentsatu nahi dut behintzat. Kimu berde bat izango da faxismorik gabeko gizarte baten hasiera, Palestina aske baten hasiera eta denontzako hiri baten hasiera. Inguratzen gaituen dekadentziatik haziko dira kimu berde horiek, baina, sasienak ez bezala, ez dira euren kabuz haziko.