Hamalau urteko kartzela zigorra eskatu dute Bidebietako kiroldegian sexu erasoa egin zuen gizonarentzat

Gipuzkoako Fiskaltzak hamalau urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Bidebietako kiroldegian, ustez, 13 urteko adingabe bati sexu erasoa egin zion gizonarentzat.
Ministerio Publikoaren akusazio idazkiaren arabera, gertakariak 2024ko apirilaren 16an gertatu ziren. Ustezko erasotzaileak, 62 urtekoa, bere biktimarekin kointziditu zuen kirol instalazioko dutxetan, eta, han, deseroso sentiarazi zuen mutikoa, begiratu zion moduagatik. Ondoren, aldageletan, eraso egin zion, mehatxatu eta beldurtu egin zuen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, gertakarien berri izan orduko, ikerketa bat abiarazi zuen Ertzaintzak, eta zenbait zaintza dispositibo egin zituen. Egun batzuk geroago, ustezko erasotzailea atxilotu zuen, baina atxiloketaren unean iskin egin zien agenteei, eta autoan ihes egiten saiatu zen.
Ertzaintzak beste kiroldegi baten inguruan aurkitu zuen, Altzakoan, gero Eneko Goia Donostiako alkateak jakinarazi zuenez. Atxilotua agintaritza judizialaren esku utzi zuten, eta hark behin-behineko espetxeratzea agindu zuen, epaiketaren zain.
Fiskaltzaren ustez, gizonezkoa sexu erasoko bi delituren erantzule da eta, delitu horiengatik, aipatutako espetxe zigorrez gain, hamar urteko zaintzapeko askatasuna eskatzen du espetxetik ateratzen denerako, eta adingabeekin lotutako edozein lanbidetarako gaitasungabetzea beste hamar urtez.
Era berean, biktimari 15.000 euroko kalte ordaina emateko eskatu du, eragindako kalte moralengatik.