«Inorentzat ez zen sekretu Kolonbian gertatzen ari zena; gainera, prentsa oso sentsazionalista zen»
Abokatua da Betty Alvarado Padilla kolonbiarra, eta bere lanbideaz gozatu ahal izan du munduko hainbat txokotan. Gaur egun, Donostian bizi da, eta honaino jorratu duen bidea azaldu digu.
Kolonbiako Planeta Rica herrian jaio zen Betty Alvarado Padilla, 1979ko martxoan. Donostiako Txomiñenea auzoan bizi da gaur egun, haren senarrarekin eta semearekin, baina Donostiara iritsi arte, ibilbide oparoa marraztu du bere bizitzan.
Planeta Rica Kolonbiako Cordoba departamenduan dago, eta bertan, haurtzaro zoriontsua gogoratzen du Alvaradok, nahiz eta herrialdea, garai hartan, une konplikatu batean egon: «Planeta Rica herri txiki bat da, 30.000-40.000 biztanle ingurukoa. Oso herri lasaia da, eta denek ezagutzen dute elkar, herri guztietan bezala. Nire familiako norbaiti zerbait gertatzen bazitzaion, denak joaten ziren etxera galdetzera zer moduz zegoen pertsona hori. Nerabezaroan, ez zegoen biolentziarik nire herrian, nahiz eta herrialde biolento baten erdigunean egon. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, gerrilla eta narkotrafikoa bere puntu gorenean zeuden Kolonbian, eta nahiz eta nik gertutik ez bizi, ulertzen nuen nire herrialdea egoera oso zailean zegoela».
«Ez zegoen biolentziarik nire herrian, nahiz eta herrialde biolento baten erdigunean egon»
Testuinguru horretan, «leku pribilegiatuan» bizi zela dio Alvaradok, familiarekin eta lagunekin lasai egon zitekeelako, eta gauean ere berandura arte egon zitekeelako kalean, «ez zelako ezer gertatzen». Hala ere, bera oso kontziente zen herrialdean gertatzen ari zenaz: «Ohitura zen bazkalostean aitarekin egongelan albisteak ikustea, Kolonbian gertatzen ari zenaren berri izateko. Horrez gain, prentsa irakurri eta irratia ere entzuten genuen. Inorentzat ez zen sekretu gertatzen ari zena; are gehiago, prentsa oso sentsazionalista zen, eta zenbat eta gauza beldurgarriagoak kontatu, orduan eta harrigarriagoa zen dena».
Abokatu izateko hautua
Kolonbiako gizartea «hautsita» zegoela ikusirik, gizartea hobetzeko bere ekarpena egin nahi izan zuen Alvaradok. «Psikologia asko gustatzen zitzaidan, baina azkenean, Zuzenbidea ikastea aukeratu nuen, ulertu nuelako karrera horretan zuzenean parte hartzen nuela hainbat arlotan, non anaitasuna eta kontziliazioa sor nezakeen, pertsona errugabeak defenda nitzakeen, eta nolabait ere gizarte harmonia pixka bat eraiki nezakeen», adierazi du.
Monteria hirian egin zituen Zuzenbide ikasketak, eta bitartean, lanean ere aritu zen Planeta Ricako esne industriako enpresan. «Sei anai-arreba garenez, nik neuk ordaindu behar izan nituen nire ikasketak. Enpresa horretan txandaka egiten nuen lan, eta lanean ez nengoenean, unibertsitatera joaten nintzen. Oso nekatuta iristen nintzen etxera, baina pozik ere bai, ikastera joan izanagatik. Beti pentsatzen nuen une hobeak etorriko zirela nire bizitzan», azaldu du Alvaradok.
Zuzenbidea amaitu ostean, iruditu zitzaion oraindik ez zela nahikoa berarentzat, eta abokatuen bulego batean hasi zen praktikak egiten. Urtebetez aritu zen bertan lanean, zuzenbide konstituzionalaren arloan, batez ere. Ordea, bertan lanean zebilela, ama hil zitzaion, eta horrek bizitza aldatu zion: «Zabarkeria bat izan zen nire amaren heriotzarekin. Badirudi zabarkeria medikoa izan zela, eta nik erabaki nuen ezin nintzela besoak gurutzatuta geratu eta gehiago prestatu behar nuela, beste ikuspegi batetik. Izan ere, ikusi nuen beste eskubide batzuk ere urratzen direla: bizitzeko eskubidea, kasu honetan».
Bizitza berri baten bila
Bere amaren heriotzak inflexio puntu bat markatu zuen Alvaradoren bizitzan, eta Zuzenbide ikasketak are gehiago elikatzeko, Kolonbiatik ateratzea eta AEBetara joatea erabaki zuen, familiako kide batzuen laguntzaz. «Familiako batzuk bertan bizi ziren, eta bat irakaslea zen Floridako unibertsitate batean. Bi urtez aritu nintzen bertan ikasten, eta ondoren, auzitegian lanean hasteko aukera izan nuen. Deialdi bat zabaldu zuten, eta hainbat proba gainditu ostean, nire profila gustatu zitzaien eta aukeratu egin ninduten», adierazi du Alvaradok.
«Zabarkeria mediko bat izan zen nire amaren heriotzarekin, eta ezin nuen besoak gurutzatuta geratu»
Bost urtez, Puerto Ricoko justizia auzitegian aritu zen lanean. Hasieratik, bere helburua Kolonbiara itzultzea zen, ikasitako guztia praktikan jartzeko, baina azkenean, iritziz aldatu zuen: «Konturatu nintzen pozik bizi den herrialde batean nengoela, hondartzak besterik ez dauden herrialde batean, jendea pozik bizi dela… eta nik ere bertan geratu nahi nuela pentsatu nuen».
Hasieran, epaile baten idazkari gisa aritu zen lanean justizia auzitegian, baina denborarekin, epaimahaien koordinatzaile izendatu zuten. «Auzi kriminaletarako epaimahaia antolatzea tokatzen zitzaidan, norbait erruduna zen edo ez erabaki zezaten. Epaimahaiari orientazio bat ematen zitzaion: zein zen epaimahaikide izateko eginkizuna, zituzten abantaila eta berme guztiak, eta zituzten pribilegio denak», adierazi du.
Lan horretan, kontu garrantzitsu batez jabetu zela dio: «Esperientzia aberasgarria izan zen, konturatu bainintzen justiziarekin inoiz harremanik izan ez duen jendeak beldurra diola justiziari, ezjakintasunagatik. Auzitegiak pertsonen eskubideak defendatzen ditu, baina nahikoa lan egin behar zen herritar horiek kontzientziatzeko, beren erantzukizuna bete zezaten».
«Justiziarekin inoiz harremanik izan ez duen jendeak beldurra dio justiziari, ezjakintasunagatik»
Donostiara, ondo pentsatu ostean
Lanean pozik bazegoen ere, familia bat sortu nahi zuen Alvaradok. Profesionalki garatuta bazegoen ere, senarra eta haurrak izateko nahia sentitzen zuen, eta ustekabean aurkitu zuen lehenengoa. Behin, Manhattanera (AEB) joan zen lagun bat bisitatzera, eta New Yorkeko Askatasunaren estatua ikustera joan zirenean, Donostiako gizon bat ezagutu zuten. «Harremana egin genuen, eta hasieran lagunak baginen ere, ondoren, maitasun harreman bat hasi genuen», kontatu du Alvaradok.
Hasieran, urrutiko harremana izan zuten. Gizona Puerto Ricora joan zitzaion bisitan, eta Alvarado ere etorri zen Donostiara. «Momentu batean, erabaki egin behar izan genuen ea batera biziko ginen. Ez zen erabaki erraza izan: nik lanpostu ona nuen Puerto Ricon, eta berak ere ez zuen Euskal Herritik mugitu nahi. Azkenean, nire lanbidea hemen homologatzeko modua aurkitu nuen, eta Donostiara etorri nintzen, 2015eko abenduan», azaldu du.
2019an abokatuen elkargoan sartu zen, eta gaur egun, abokatu autonomo gisa egiten du lan, diziplina anitzetan. Elkargoan sartu zen urte berean jaio zen beraien semea, eta gaur egun, denbora librean, bereziki gogoko du familiarekin paseatzera eta txoko berriak ezagutzera joatea, bai Donostian, eta baita kanpoan ere. Kolonbia ere ez du ahazten: «Ahal dudan bakoitzean joango naiz, familiako parte bat bertan dagoelako».
Donostiara bizitzera etorri zenean, euskal kulturarekiko interesa piztu zitzaion Betty Alvaradori. Interes horrek eraman zuen kolonbiarra Mestiza elkartea ezagutzera: «Bertan, programa bat zuten nire semeari euskaraz abesteko eta irakurtzeko aukera ematen ziona, eta joatea erabaki nuen».
Gaur egun, elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea da Alvarado, eta «oso pozik» dago urtarrilean Mestizak jaso zuen aitortzagatik: «Hiritar Merezimenduaren Saria jasotzea merezi zuen Mestizak, eta pozik nago horrelako elkarte batek denboran irautea lortu duelako eta herritarrak berdintasunean gizarteratzeko ikuspegia duelako».
Euskara ikasteari dagokionez, pare bat ikastaro egin ditu, «modu autodidaktikoan». «Gogoko ditut hizkuntzak, eta modu autodidaktikoan hainbat hitz ikasi ahal izan ditut euskaraz. Egunerokotasunean, nire senarra euskalduna denez, eta nire semea erdi euskalduna eta erdi kolonbiarra, pixka bat ulertzen dut hizkuntza. Prozesu horretan nago, baina ikasten jarraituko dut, asko gustatzen zaidalako», nabarmendu du Alvaradok.
Bere hitzetan, hizkuntza «eskubide historiko» bat da, eta denboran zehar hizkuntza batek bizirik irauteak edozein gizartetan «sekulako balioa» duela iruditzen zaio Alvaradori.
Mestiza elkartean, euskal kultura eta munduko kultura ezberdinak sustatzen dituzte, hainbat jarduera multikulturalen bidez, elkartearen helburuekin bat datozen jarduerak egiten dituzten elkarteekin eta erakundeekin elkarlanean. Horrelako elkarteek ere laguntzen dute Donostian integrazioa sustatzen, eta horrekin batera, kultura, artea, ingurumena eta gizarte berrikuntzaren gurpila etengabe biraka mantentzen.