Iraganaren presentzia
THE BRUTALIST
Zuzendaria: Brady Corbet.
Urtea: 2024.
Herrialdea: AEB.
Adinez nagusitxo diren zinemazaleek gogoratuko dituzte, ziur, garai bateko film monumental haiek. Zinema aretora sartu eta istorio zirraragarri bat ikusi ostean, zinez esperientzia paregabea bizi izan duten sentsazioarekin ateratzen zirenekoa. Formatu aldetik, bazuten zerbait berezia, bereizgarria, pelikula bitan banatzen zuen eta arnasa hartzeko (ikusitakoa digeritzeko) aukera ematen zuen intermission edo atsedenaldi labur bat. Gaur egun galdutzat duguna, nahiz eta filmen batez besteko iraupena nabarmen luzatzen ari den eta horietako asko jasangaitzak egiten zaizkigun. Merezi du azpimarra jartzea, baina, Brady Corbet —The Childhood of a Leader (2015), Vox Lux (2018)— zinemagile estatubatuar gaztearen The Brutalist lan berrienean. Hiru ordu t’erdiko iraupenak ez luke inor nagitu beharko, istorioa ez baita sekula astun egingo. Duen kontatze erritmo neurtuari esker denboraren pertzepzioa alde izango dugu.
Auschwitzeko kontzentrazio esparruaren askapenaren 80. urteurrenaren bueltan iritsi da gurera zinemagile estatubatuar gaztearen hirugarren film luzea, eta ez kasualitatez. Bigarren Mundu Gerra ostean txikituta geldituko den Europatik ihesi, László Toth arkitektoaren istorioa dakarkigu. The Pianist-en (2002) harrigarri aritu zen Adrien Brodyk interpretatuta, Roman Polanskiren lanean jardundako bidetik joko du berriz, pertsonaia zaurgarri baten rolean jarriz. AEBra alde egingo du, Erzsébet (Felicity Jones) emaztea eta Zsófia (Raffey Cassidy) iloba non dauden jakin gabe, eta behin ametsen lurraldean finkatuta dagoela horiek aurkitu eta berarengana ekarri nahiko ditu.
Geografikoa baino fisiko-psikologikoa den bidaia traumatikoan murgilduko gaitu Corbetek, fokua pertsonaiengan jarriz. Dagoeneko New Yorken porturatzear den itsasontzitik ekingo diogu, eta agertuko zaigu bat-batean Askatasunaren estatua, modu harrigarri batean, koadroan sartuko baita ia buruz behera, protagonistari datorkionaren aurrekari. Amesgaiztotik ihesi datorren etorkinak bestelako gizarte etsigarri batekin egingo du topo, kapitalismo basatiarenarekin, langile esplotazioarenarekin, arrazakeria eta klasismo itsuarenarekin.
Haren barne mundu hautsia (eta senideena, judutar europarrena) irudikatzeko baliabidea da Corbetentzat arkitektura. Arte diziplinak filmean garrantzia handia hartuko badu ere —Tothek bere talentua erakusteko aukera izango du, Harrison Lee Van Bur (Guy Pearce) enpresari industrialak eraikin berezi bat diseinatzeko eskatuko dionean—, nazismoaren ondorio eta zaurien ispilu izango da. Espazio huts, inpertsonal eta bisualki gogorren bidez irudikatuko du kontinente zaharra eta gizateria txikituta utzi duen gerratearen itzala, eta balioko dio pertsonaiek berez dakarten ezintasun fisiologikoekin uztartuz (inpotentea, alkoholikoa eta drogazalea da Toth, osteoporosiak eraginda gurpildun aulkian dago Erzsébet eta mutu antzekoa Zsófia), pairatu duten identitate ezabaketa sistematikoan sakontzeko. Infernutik bizirik atera dira, baina “gizakia baino gutxiago” direla sentituko dute, supremazismo estatubatuarrak itota munduan beren tokia aurkitu ezinik erakutsiko baituzkigu, krisi existentzialak erabat jota.
Irakurketa eta helduleku asko proposatzen ditu The Brutalist-ek, tartean, egun puri-purian dagoen Israelgo Estatuari eta haren jaiotzari buruzko hausnarketa idealizatua. Narratiboki zein estetikoki planteatzen dituen ehundurei dagokienez ere, aberatsa da, eta erreferentzia edo oihartzun zinematografikoz betea dago: Elia Kazanen America, America (1961) epopeia, F.F. Coppolaren The Godfather (1972-1990) trilogia edota Megalopolis (2024) handinahia, Sergio Leone maisuaren Once Upon a Time in America (1984) fantasmagorikoa. Hala, zinemaren historian tokitxoa egin nahi du Corbeten hirugarren film luzeak, eta hasi da nazioartean aitortzak pilatzen. Urrezko Globoetan drama generoko lan onenaren saria jaso berritan, Oscar sarietarako faboritoetako bat da, hamar hautagaitzarekin. Denborak esango digu, baina, arrastoa utziko duen edo momentuko beroaldiaren enegarren biktima ote den.