Jon Lopez izango da kaldereroetako Erregina, Ander Gomez de Segura eta Paul San Sebastian Damen laguntzaz
Datozen asteburuetan, kaldereroez gain, Inude eta Artzainak ere arituko dira Donostiako kaleetan.
Hungariako kaldereroen soinuek alaituko dituzte Donostiako kaleak datozen hiru asteburuetan. Ospakizunaren egun nagusia otsailaren 8an izango bada ere, Konpartsa Tradizionala indargune izanik, auzoek beste konpartsa batzuen bisita jasoko dute otsailaren 1ean, 7an eta 14-15eko asteburuan ere.
Gaur aurkeztu dute jaia udaletxean, eta azaldu dutenez, Konpartsa Tradizionalak Parte Zaharreko kaleak hartuko ditu datorren otsailaren 8an, 21:30etik aurrera. Hemeretzi tributako 410 parte hartzaile arituko dira zartaginak eta mailuak Raimundo Sarriegiren piezen edo Victoriano Iraolaren Begi urdin bat-en erritmoan joz. Parte hartzaileen %60 emakumeak dira, eta tribuekin batera Gauerdi txaranga eta Kresala Dantza Taldea arituko dira.
Ohi bezala, konpartsa honek Plaza Berrian jarriko du kanpamendua 22:00etatik aurrera, eta han, Jon Lopezek ordezkatutako segizioko Erreginak agurtzeko hitzaldia emango dio Donostiako herriari, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako bandak kaldereroen errepertorio tradizionala interpretatzen duen bitartean. Lopezekin batera, Ander Gomez de Segura eta Paul San Sebastian izango dira Dama gisa.
“Dakizuen moduan, Erregina eta Damak aukeratzeko biltzen gara urtero Parte Zaharreko tribuetako ordezkariak, eta guretzat inportantea den zerbait erabaki dugu aurten. Gurekin ibili diren hiru donostiar aurtengo Erregina eta Dama figurak gorpuztu ditzaten. Ez dira bereziki pertsonaia ezagunak, ez dira ordezkari kulturalak; kaldereroak dira, eta ilusio handia zuten, eurentzat oso berezia den egun horretan lan hori egiteagatik. Eta guri ere zoragarria iruditzen zaigu eurek ordezkaritza hau izatea. Ziur gaude behar den maila izango dutela”, azaldu dute gaurko prentsaurrekoan Parte Zaharreko kaldereroen ordezkariek.
Kanpamentuaren ondoren, konpartsa tradizionalak Parte Zaharreko kaleetan zehar desfilatzen jarraituko du, 01:00etan Gaztelubide elkartearen aurrean amaitu arte.
Alaitasuna auzoetan
Parte Zaharreko konpartsa tradizionalaz gain, gainerako auzoek ere beren desfileak izango dituzte inauterien etorrera iragartzeko, auzo bakoitzeko elkarteek eta eragileek bultzatuta.
Amara Berri eta Egia auzoek aurrea hartu eta larunbat honetan, otsailaren 1ean, irekiko dute jaia, 17:30etik aurrera, Amarakaldek eta Arrano Kaldereroak Elkartearen eskutik, hurrenez hurren.
Otsailaren 7an, ostirala, Herrera Ikastetxea (Herrera – 11:30), Aldapeta Maria Ikastetxeko Kaldereroak (Amara – 14:45), Zurriola Ikastola IKE Kaldereroak (Gros – 15:00), Ikasbide Kaldereroak (Loiolako Erriberak – 15:15) eta Aieteko Kaldereroak (Aiete – 18:00) izango dira.
Hilaren 8an, arratsaldean, Kai Harripe Alde Zaharreko Euskara Batzordea Kaldereroak (Alde Zaharra – 17:00), Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsa (Gros – 18:00), Amarako Kaldereroak Mamur Donosti – Berri (Amara – 18:00) eta Herrera Kirol Elkartea Kaldereroak (Herrera – 18:00) konpartsak iritsiko dira.
Eta hurrengo astean azken bi konpartsen txanda izango da: Jakintza Kaldereroak (Antigua – 15:00) hilak 14 ostiralean aterako da, eta Club Deportivo Loiolatarra Kaldereroak (Loiola – 18:30) eta Antiguako Kaldereroak (Antigio – 20:30) otsailaren 15ean, larunbata.
Amarakaldek-en 25.urteurrena
Amarakaldek – Amarako Kaldereroen Konpartsa 1999ko San Sebastian egunaren ospakizunaren ondoren sortu zen, Amara Berri auzoan desfilatzen zuten zazpi danborraden eskutik. Aurten, bere 25. urteurrena ospatzeko programazio berezia egingo du otsailaren 1ean, 17:30etik 20:30era.
Konpartsa, hasiera batean, adin guztietako 130 pertsonak osatzen zuten, eta gaur egun 160 pertsona helduk eta adin desberdinetako 40 haurrek osatzen dute. Antzinako konpartsa hartako bi kidek bakarrik jarraitzen dute parte hartzen: Jesus Ausejok (hartzarena egiten du konpartsan) eta Iñigo Olasagastik.
Lehenengo edizioetan parte hartu zuten beste hamaika kiderekin batera omenduko dituzte biak, eta medailoi bat emango zaie, kalderero jantzietan jantzi ahal izan dezaten. Gainera, kanpamentuan tarta handi bat dastatuko dute eta Tolosako Kaldereroen Konpartsako bi musika pieza dantzatuko dituzte.
Konpainiako pertsonaiak hurrengo hauek izango dira: Erregina, Paulino Boillos; Damak, Imanol Olazabal eta Angel Gonzalez; Hartza, Jesus Ausejo, eta Domatzailea, Luis Viera. Tribuetako buruak Ana Martin eta Jose Ignacio Azpitarte izango dira.
Gainera, efemeride hori ospatzeko, otsailaren 8an, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak Amarakaldek Amarako Kaldereroen Konpartsa hartuko du Parte Zaharreko kaleetatik irteten denean.
Inude eta artzainak
Hurrengo larunbatetako protagonistak kaldereroak badira, igandeetan Inude eta Artzainak konpartsen txanda izango da. Horrela, otsailaren 9an, 12:00etatik aurrera, Kresala Elkartearen konpartsak (200 partaide – 100 emakume eta 100 gizon) Joselontxos txarangarekin batera desfilatuko du.
Guztira, 30 inude eta artzain bikotek, 60 danborjolek, eta garai hartako hainbat pertsonaiek –alkatea eta haren emaztea, idazkaria, gotzaina, apaiza, eliz mutilak, mikeleteak, ontzi garbitzailea eta zapata garbitzailea– parte hartuko dute desfilean. Konpartsa 12:00etan aterako da Kresala Elkartearen Euskal Herria kaleko egoitzatik, eta Aldamar Kalea, Bulebar Zumardia, Kale Nagusia, Abuztuak 31 kalea eta Narrika kalea zeharkatu ondoren, Konstituzio plazara sartuko da 13:00etan, ohiko antzezpena egiteko. Behin antzezpena amaituta, Konpartsa Arraindegia, San Juan, Bretxa eta Aldamar kaleetatik itzuliko da Euskal Herria kaleko egoitzara.
Gainerako konpartsek aste ezberdinetan egingo dituzte desfileak: otsailaren 2an, Groseko Artzai eta Iñudeak Artaiñu konpartsak Groseko kaleak zeharkatuko ditu 11:15etik aurrera, eta otsailaren 16an Ikasbide Ikastolako Iñude eta Artzaien Konpartsak gauza bera egingo du Loiolako Erriberako eta Amarako kaleetan 11:30etik aurrera.