San Bartolomeko lanen inguruko txosten juridikoa eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak
Nabarmendu dutenez, eskaeraren helburua da "berdegune eta gune libreetarako espazioaren azpian, irabazi ekonomiko helburu duen espazio bat eraiki ote daitekeen argitzea": "Badirudi dekretuak hori galarazi dezakeela, eta hori horrela bada, ezin da merkataritza gunerik edo aparkalekurik egin".

EH Bilduko eta Elkarrekin Donostiako udal taldeek udalbatzako Idazkaritza Nagusiari txosten juridiko bat egiteko eskatu diote, “San Bartolome muinoan merkataritza gune bat eta lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko lizentzia legearen araberakoa den zehazteko eta argitzeko”. “EAJ-PSE-EEren udal gobernuak 2024ko irailaren 10ean Obra Handiko Lizentzia eman zion New San Bartolome S.L. enpresari proiektu horri ekiteko. Ordea, hirigintzako estandarrei buruzko 123/2012 Dekretuan xedatutakoa behar bezala interpretatzeari buruzko zalantzak direla eta, aipatu eskaera erregistratu dugu”, azaldu dute alderdiek, prentsa ohar baten bidez.
Gaineratu dutenez, “dekretu horrek zuzkidura zerbitzu publikoetarako egon behar duten ratioak ezartzen ditu. Hain zuzen, berriki, EAEko Auzitegi Nagusiak dekretu honetaz egin duen irakurketak eragin du Illarrako etxebizitza promozioari buruzko ebazpena”.
Dekretuaren seigarren artikuluari heldu diote alderdiek, izan ere, gogorarazi dute artikulu horrek dioela “bizitegitarako hiri lurzoru finkatu gabeko eremuetan, San Bartolome 5. HEAko b.20.2 lurzatian kasu, zuzkidura eremuaren edo jarduketaren azalera osoaren %15 bideratu behar dela gutxienez, berdeguneetarako eta espazio libreetarako sistema orokorrak alde batera utzita”.
Horrela, dekretu horren arabera, lizentziaren erregulartasuna “zalantza” jar litekeela deritzote oposizioko alderdiek: “Eremuan Espazio Libreen Tokiko Sistemetarako (SLEL) erreserbatzen diren 15.126 metro koadroetatik, 10.665 metro koadro aprobetxamendu pribatuko lurpean dauden azalerei dagozkie, zehazki merkataritza guneari eta aparkalekuari. Eta aipatutako dekretuaren 6.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, zalantzan jar liteke azalera horiek espazio libreen tokiko sistema gisa zenbatu daitezkeen ala ez. Izan ere, azalera horiek konputagarri gisa baztertuz gero, Espazio Libreen Tokiko Sistemen zuzkidura 4.461 metro koadrotan geratuko litzateke, 7.198 metro koadroko nahitaezko gutxieneko estandarra baino nabarmen gutxiago”.
Nabarmendu dutenez, eskaeraren helburua da ” argitzea berdegune eta gune libreetarako espazioaren azpian, irabazi ekonomiko helburu duen espazio bat eraiki ote daitekeen”: “Badirudi dekretuak hori galarazi dezakeela, eta hori horrela bada, ezin da merkataritza gunerik edo aparkalekurik egin. Baliteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, epai berriaren ondorioz, dekretuari beste interpretazio bat ematea, eta argitu beharra dago”.
Zehazki, honako puntu hauek aztertzeko eskatu dute alderdiek: ea betetzen den jarduketa horretan eta Obra Handiko 48/2023 Lizentzian indarrean dagoen hirigintza araudian xedatutakoa eta, bereziki, hirigintza estandarrei buruzko 123/2012 Dekretuan xedatutakoa, eremu libre eta berdeguneetarako gutxieneko zuzkidurari dagokionez; ea legezkoa den espazio libre gisa zenbatzea irabazizko aprobetxamendu pribatuak dituzten eremuak eta ea zer neurri hartu beharko lituzkeen udalak eremu libreak eta berdeguneak betetzeari buruz espedientean emandako interpretazioa zuzentzat jotzen ez bada.