Literatur aterpeen faltan
Donostiako Hontza liburu dendak berrogei urte egin zituen 2022ko azaroan, eta hura ere ateak ixtear da orain. Besteak beste, kontsumo ohiturak aldatu izanak eraman ditu negozioa lagatzera. Erosle baten bila dabiltza.
Liburu denda txikiek badute halako xarma bat liburu denda handiek eta plataformek ez dutena. Literatur zaleen ustez, liburu bat aukeratzea ez da erosketa bat egitea soilik; literatur unibertsoan bete-betean sartuko dituen esperientzia bat da. Liburu denda txikietan saltzaileak gomendio pertsonalizatuak ematen dizkio bezeroari, ustekabeko elkarrizketak sortzen dira beste irakurle batzuekin, eta ustez behar ez den liburu hori aurkitzeko aukera ematen dute. Horregatik egiten dute askok eta askok liburuak halako saltokietan erosteko hautua. Esate baterako, hori guztia eskaintzen du Donostiako Hontza liburu dendak, eta, batzuentzat denda soil bat den arren, donostiar askorentzat-eta liburuz beteriko ozeanoan nabigatzeko literatur aterpe bat da. 1982an ireki zuten Hontza, eta, berrogei urtetik gorako ibilbidea egin ondoren, agur esateko garaia dela erabaki dute jabeek. Denda Esther Moiuak eta Ramon Tatiegik bideratu dute liburu urte hauetan guztietan, beste kide batzuekin batera.
Aitari lekukoa hartuta, urte batzuk daramatza Hontzan lanean Jon Tatiegik (Donostia, 1995). Dendaren kudeaketa utzi egingo dutenez, esan du beste norbaitek kudeatu beharko duela, baina oraindik ez dutela inor aurkitu. Jon Tatiegik aitortu du bera prest dagoela kargu hori hartzeko, baina inplikazio eta konpromiso bat eskatzen duela dio: «Hontzak urteetan iraun badu, langileek izan duten inplikazioarengatik izan da, eta hori talde batek bere gain hartu behar du. Hemendik aurrera ere bideragarria izaten jarrai dezake, baina horretarako gogotsu sartuko den talde bat behar dugu». Jakinarazi du ixteko erabakia hartzea zaila izan dela, baina ez dutela beste biderik aurkitu.
Liburu baten inguruan galdezka joan da Hontzako erosle bat, eta, alde egin baino lehenago, «noiz itxiko duzue denda behin betiko?», galdetu dio Tatiegiri. Albistea eman zutenetik, jende asko azaldu da saltokira galdera berarekin. Tatiegik adierazi du ezin dutela erantzun zehatzik eman, oraingoz: «Lokala salgai jarri dugu; beraz, saldutakoan esango dugu».
Erreportaje hau Gipuzkoako Hitza-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.