Mugikortasun agente bati egindako erasoa gaitzetsi du udalak
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, atzo arratsaldean Mugikortasun agente bati eraso egin zioten Antiguan. Gertaturikoa gaitzetsi du udalak. “Onartezina da gure hirian horrelako jazoerak gertatzea herritar guztien onerako lan egiten duten pertsonen aurka. Udalak erabat gaitzetsi nahi ditu horrelako gertaerak, eta gure babes osoa adierazi nahi diogu erasoa jasan duen agenteari”, adierazi du Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarzak.
Erasoa 18:30 inguruan gertatu zen, Zumalakarregi hiribidean. Mugikortasun agente batek ibilgailu baten gidari bati isuna jarri zion semaforo bat gorrian pasatzeagatik. “Gizona agenteari oldartu zitzaion, agenteari bultzadak eta motorrari kolpeak emanez”, azaldu dute. Hori dela eta, Udaltzaingoak gidaria atxilotu zuen “agintaritzaren aurkako atentatuagatik”.