Osasun publikoaren aldeko manifestazio jendetsua egin dute Donostian

Murrizketen aurrean, osasun publikorako eskubidea aldarrikatu zuten larunbatean Donostian 2.000 lagun inguruk. Osasun Publikoa Aurrera (OPA) herri plataformak antolatu zuen manifestazioa, eta Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere manifestazio jendetsuak egin zituzten, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari egiturazko arazoei “benetako konponbideak” eskatzeko: “Irudi kanpainek eta promesek ez digute balio, egiturazko arazoei benetako konponbideak ematea baizik”, adierazi dute erakundearen ordezkariek ohar batean.
Nagusiki, Osakidetzaren pribatizazioa etetea eta lehen arreta lehenestea exijitu diote Osasun Sailari. Alberto Martinez sailburuari “tranpak” egitea leporatu diote, sistema publikoak klinika pribatuetara bideratutako pazienteen datuei dagokionean. Martinezek duela pare bat hilabete iragarri zuen %65 murriztu direla, baina, plataformen ustez, hori aurrekontuetan islatu beharko litzateke. “2024ko eta 2025eko aurrekontuetan klinika pribatuetara bideratutako diru kopurua handitu egin da. Beste behin, diru publikoaren ehunka milioi enpresa pribatuetara joango dira, eta ez da kasualitatea, Osasun Saileko eta Osakidetzako goi kargudunak bertan kokatzen baitira. Ate birakarietan ez dago murrizketarik”, salatu dute.
Horren aurrean, uste dute ez litzatekeela “euro bat ere” jarri beharko klinika pribatuetarako, eta aldarrikatu dute lantaldea egonkorra izatea eta lan baldintza duinak edukitzea.
Pribatizazioaz gain, itxaron zerrendak ere izan dituzte hizpide: “Errealitate gordina zera da, kopuruak oraindik pandemia aurrekoak baino handiagoak direla, arreta espezializatutan hemeretzi hilabete baino gehiagoko itxaron zerrendak daudela —familia medikuntzan aste batekoak—, eta agendak zamatu direla; batez ere, familia medikuntzan: lan zama handitu da, eta, arreta denbora, murriztu”.
Ia ehun kolektibok egin dute bat manifestuarekin, besteak beste, ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek, osasun arloko profesionalen elkarteek, Medicus Mundik, Euskadiko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.
Mobilizazioak Egian
Donostiako manifestazio orokorraz gain, beste mobilizazio batzuk ere egin dituzte, auzotarrek antolatuta. Egian, esaterako, manifestazioa egin zuten urtarrilaren 17an, Egian ere kalitatezko Osasungintza Publikoaren alde. Murrizketarik ez. Lehen arreta indartu lelopean. Egia Bizirik auzo elkartearen arabera, Osakidetzaren arazo nagusia langile falta da: “Medikuak falta dira, erizainak falta dira, administrazioko langileak falta dira… Arazo orokorra da, eta urte askoren emaitza da, osasun arreta pribatizatzearen alde egiten duen politika baten emaitza”. Arazo orokorrak, hain zuzen, Egian ere ondorioak dituela salatu dute.
Gaixotasun bajan edo amatasun lizentziarekin dauden medikuen kasuan, ordezkapenak ez direla egiten salatu dute, esaterako, eta, egoera hori “hilabetetan” luzatzen dela: “Hilabetetan pediatrarik gabe egon gara Egiako anbulatorioan. Askotan, kontsultara joaten ziren haurrak beste auzo batzuetara bidaltzen zituzten, edo, okerrago, ospitalera, larrialdietara”.
Hemen irakur dezakezue erreportajea osorik.