1.000tik gora sinadura, Kristobaldegi komentua Txomiñeneko auzoarentzat izan dadin
Auzoak behar asko dituela nabarmendu dute eta Kristobaldegik beharrei erantzun ahal diela: auzo baratzeak, biltegia, kultur etxea, zaharren egoitza, eta abar.
Txomiñeneko bizilagunek denbora daramate eskatzen udalak Kristobaldegi komentua erosteko, eraikina auzoaren beharrei erantzuteko erabili ahal izateko. Bide horretan, beste aurrerapauso bat eman du orain Lanberri auzo elkarteak: “Donostiako Udalari Txomiñenean indar handia duen eskari bat erregistratu nahi izan diogu, 1.045 sinadura hauekin: Kristobaldegi komentuak auzoarentzat izan behar du. Aurrez aurre bildu ditugu auzoko jendeak, online plataformarik erabili gabe”. Txomiñenea auzo txikia izanik, sinadura kopuru esanguratsua da: Loiola eta Txomiñenea batuta ditu biztanleria datuak udalak, eta 6.286 lagun bizi dira eremu horretan—.
Gogoratu behar da mojek iazko apirilean iragarri zutela komentua utziko zutela, eta udalari zein aldundiari eskaini ziotela eremua. Horrela, auzo elkarteak uste du “beharrezkoa” dela eraikina auzoarentzat izatea: “Auzoan urte gutxian biderkatu egin da biztanleria eta azpiegitura sozial aldetik bete gabeko promesak besterik ez ditugu oroitzen. Zain egotez nazkatuta, gure ahotsa entzunaraztea erabaki dugu eta udalari esaten diogu joan den urrian hutsik geratu zen Kristobaldegi komentuaren erosketari buruzko negoziazioan sartu behar duela eta erosketa publiko bat egin dezala, beste askotan egin izan duen moduan. Eraikin historiko horrek auzoaren beharrei erantzun behar die, asko baitira eta askotan ari gara esaten”.
Gainera, Lanberrik nabarmendu du eraikina erabili daitekeela azpiegitura egokiak emateko auzoari: “Batzuek esan zuten Kristobaldegi komentua uholde arriskuko zonan dagoela. Hori, baina, ez da arrazoi nahikoa gaia itxitzat emateko. Proiektua zenbait arkitekto eta teknikorekin aztertu ostean, ziurtasunez baiezta dezakegu udalak baduela aukera eraikin hori eskuratu eta era ugaritako erabilerak emateko, hiru solairuko eraikinean, soilik behekoa baita uholde arriskuko eremuan dagoena. Gainean dituen beste bi solairuak uholde arriskuko zonatik kanpo daude, duela urte gutxi eraikitako zati berriaz gain, noski”.
Horregatik, argi dute askotariko proiektuak garatu daitezkeela bertan: “Beheko solairuan gauza ugari egin daitezke legez, ibaiaren ondoan egon arren: izan auzo baratzeak edo auzo elkartetik aspalditik eskatzen ari garen biltegia. Eta, hortik gora dauden bi solairuetan auzoak eskatzen dituen zerbitzuak eskaini ditzake, hala nola, kultur etxea, zaharren egoitza edo gaztelekua, batzuk aipatzearren. Alkateak berak ere jakin behar luke hau egingarria dela”.
Gero eta babes gehiago
“Babesa irabazten ari den eskaera da hau”, nabarmendu du Lanberrik: “Uda aurretik auzoan egin genuen inkestan (130 erantzun izan zituena), kezka nagusi gisa identifikatuta geratu zen auzokideen ustez udalak ez duela hitzik betetzen agindutako azpiegitura publikoen gaian. Irailean, Kristobaldegi auzoarentzat kanpaina abiatzeko prentsaurrekoan, 150 pertsona batu ginen eta gaur, esan bezala, 1.000 sinadura aurkezten ditugu paperean. Auzoa garbi mintzatzen ari da, entzun nahi duenarentzat”.
Era berean, udal gobernuaren jarrera salatu dute: “Alkateak esan izan du auzoko behar nagusia anbulatorioa dela, baina guk erantzun nahi diogu, hori ezin dela izan aitzakia gainontzeko azpiegitura publikoei izkin egiteko. Eraikina egina dago eta udalak aukera ezin hobea du zerbait duina eskaintzeko auzoari. Lanean jarraituko dugu justua iruditzen zaigun aldarrikapen honekin. Horrez gain, azpimarratu nahi dugu udalak martxoan lantzen duela aurreko urteko aurrekontutik sobratutako diruekin zer egin. Duela bost urte, 2020an, gure auzoa urbanizatzeko ziren 1,6 milioi euro uharteko Hondalea-ra nola bideratu zituzten ez dugu ahazten“.
Iragarri dute, baita ere, “alderdi politiko guztiekin” bilerak eskatu dituztela, “gaiaz hitz egiteko eta proposamena udalbatzarrera eramateko”. “Bertan alderdi politiko bakoitzak publikoki argi posizionatu beharko du afera honi buruz, eta zentzu horretan, Txomineneko auzokideei dei egiten diegu adi egotera deialdiei”, gehitu dute.