Abian da Ekoguneko baratze parkean lursaila eskatzeko prozesua
Eskuragarri dauden 32 sailetako bat lortzeko Kutxa Fundazioaren webgunearen bidez izena eman daiteke martxoaren 31 arte.

Ekogunean dagoen Baratze Parkean lursailak eskatzeko izena emateko prozesua martxan du Kutxa Fundazioak. Herritarren eta tokiko elkarteen artean autokontsumo baratzezaintza ekologikoa sustatzeko helburuz, urtero gunea osatzen duten 161 lursailen %20 berritzen du, lau urteko kontratuen bidez esleituta. Aurten eskatzaileek gutxienez 32 eskuratu ahal izango dituzte.
Eskainitako lursailen tamaina eta egokigarritasuna askotarikoa da eskatzaileen beharrei erantzuteko, eta bakoitzaren araberakoa da hilabeteko alokairuaren salneurria.
- 30 metro koadrokoa, 19 euro (Kutxabankeko bezeroek, 16 euro)
- 50 metro koadrokoa, 29 euro (Kutxabankeko bezeroek, 25 euro)
- 60 metro koadrokoa, 31 euro (Kutxabankeko bezeroek, 27 euro)
- 90 metro koadrokoa, 43 euro (Kutxabankeko bezeroek, 38 euro)
- Behar bereziak dituzten pertsonentzat egokitutakoa, 12 euro (Kutxabankeko bezeroek, 11 euro)
Bete beharreko baldintzak honakoak dira:
- Donostian, Lasarte-Orian edo Hernanin erroldatua egotea.
- Ez eskatzaileak ez bere bizikidetza-unitateko inork ez izatea herri horietan baratzezaintzarako lur egokirik alokairuan, jabetzan edo gozamenean.
- Bizikidetza unitate bereko kide batek baino gehiagok izena eman dezake, baina kideetako bati lursail bat esleituz gero, gainerakoak itxarote poltsatik kanpo geratuko dira.
Izena emateko epea zabalik dago martxoaren 31ra arte. Informazio gehiago edo izen ematea kutxafundazioa.eus webgunean.