Udaleko Gizarte Ekintzako langileek «baliabide gehiago» eskatu dituzte
Gaur goizean, agerraldia egin dute Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Saileko langileek, udaletxearen aurrean. “Gainkargak” salatu dituzte, eta premiazko neurriak hartzeko eskatu dizkiete arduradun politikoei: “Baliabide gehiago, langile gehiago eta pertsonen beharrei lehentasuna emango dien kudeaketa behar ditugu”. Donostiarren laguntza eskaria handitzen ari dela ohartarazi dute, eta, horregatik, langileek baliabideak hobetu behar direla diote “merezi duten zerbitzua” izan dezaten.
Gizarte Ekintza Saileko langileen batzordean ELA sindikatuak du gehiengoa, eta sindikatuak nabarmendu du langileen egoerak eragin zuzena duela zerbitzuaren kalitatean: “Etxebizitzarako, elikadurarako edo mendekotasunaren arretarako laguntza behar duten familiek itxaron zerrenda amaigabeak dituzte. Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen oinarrizko eskubideak ezin dira bermatu”.
Gizarte Ekintzako langileak 125 inguru dira, eta gehiengoa emakumezkoak. Langile bakoitzak batez beste hiriko 350 etxebizitzari ematen dio zerbitzua. Ordea, Arartekoak gomendatzen du batez besteko hori 315 etxebizitzakoa izatea.
Langileek eskatzen dute profesionalen araberako arreta ratioa murriztea eta lantaldea handitzea eremu guztietan: administrazioa, gizarte langileak, hezkuntza, psikologia, talde teknikoa eta abar. Gainera, egiturazko eta antolakuntzako beharren azterketa aldarrikatzen dute, dagozkion neurriak aplikatu ahal izateko. Lan poltsak sortzea proposatu dute, eta taldearen egonkortasuna eta jarraitutasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dute.
Donostiako Udaleko arduradun politikoekin eta gizarte zerbitzuetako zuzendaritzarekin hainbat bilera egin ondoren, erantzuna “eskasa” da batzordearen iritziz. “Gauzak horrela, eta aldarrikapenak kontuan hartu ezean, langileek mobilizazioak iragarriko dituzte”, gaineratu dute.