Adineko pertsonek autobusean seguruago bidaiatzeko hitzaldiak ematen ari da Dbus
'14 Tip zure bidaia Top izan dadin' sentsibilizazio kanpainaren barruan, informazio saioak egiten ari da hiriko bost jubilatu elkartetan.
Hiriko autobus zerbitzua erabiltzen dutenek “seguruago eta erosoago” bidaia dezaten, azken hiru hilabeteetan 14 Tip zure bidaia Top izan dadin sentsibilizazio kanpaina aurrera eramaten ari da Dbus. Horren barruan, trebatutako bi lagunek seguru bidaiatzeko jarraibideak eta gomendioak ematen dizkiete erabiltzaileei, arreta jarriz nagusiki adinekoengan, “zaurgarrienak” eta “istripu posibleen arrisku handiena” dutenak direlako.
Hilaren 10a arte hitzaldi informatiboak egingo dituzte hiriko bost jubilatu elkartetan: Erdialdeko Erdialde, Altzako Nao etxea, Bidebietako Guardaplata, Ulia-Ategorrietako Uliatarra eta Antiguako Toki Atsegina. Saio horietan autobusetan gorabeherak saihesteko prebentzio neurriak landuko dituzte, arreta gai hauetan jarriz: autobusetako igoera eta jaitsiera, barren eta heldulekuen erabilera, gurpildun aulkiekin eta beste elementu batzuekin sartzea, mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako eserlekuak… Gainera, partaideek beren zalantzak eta kontsultak argitzeko aukera ere badute. Guztira, aurreikusi dute adineko 200 bat pertsonak parte hartu ahal izango dutela hitzaldi horietan.
Kanpaina honetako mezuak indartzeko, gainera, liburuxka bat argitaratu du Dbusek, seguru eta eroso bidaiatzeko hamalau aholku eta gomendiorekin.