«Etxe horretan dagoen zaborraren %20 atera dugu, eta beraz, luzerako emango du honek»
San Martzial kaleko 8 zenbakidun atariko etxe batean sua piztu zen bart arratsaldean eta hamar familia eraikinetik atera behar izan dituzte. Sutea piztu zen etxean zabor asko zegoen, eta suhiltzaileek oraindik ezin izan dute gela guztietara sartu.
Sutea piztu zen atzo arratsaldean San Martzial kaleko 8 zenbakidun atariko etxe batean. Etxean ez zegoen inor, baina zabor asko zegoen bertan. Gaur, 09:00etan, Martin Ibabe Segurtasun zinegotziak eta Mariaje Idoeta Auzoetako zinegotziak agerraldia egin dute ezbeharra jazo zen lekuan, eta adierazi dutenez, suhiltzaileek oraindik ez dute lortu sua guztiz itzaltzea. Zauriturik ez badago ere, eraikin horretako hamar familia (hamazazpi pertsona) hotel batera bideratu dituzte, eta gutxi gorabehera, hiru egun eman beharko dituzte bertan, etxera itzultzeko baldintzak egokiak izan arte.
“Momentu honetan, sua ez dago erabat itzalita. Sua piztu zen etxean zabor pila bat dago, eta hori guztia ateratzeko, suhiltzaileek balkoiko baranda hautsi behar izan dute, eta bertatik zaborra kalera bota. Lanean ari direnek pixkanaka joan behar dute etxean bidean egiten, ziurtatzeko sua erabat itzalita dagoela. Oraindik ezin izan dute gela batzuetara sartu suhiltzaileek”, azaldu du Ibabek.
Etxeko atariaren parean edukiontzi handi bat ikus zitekeen, eta bertan ari dira biltzen etxetik ateratako zabor guztia. “Etxean dagoen zaborraren %20 dago bertan, eta beraz, luzerako emango du honek”, nabarmendu du Segurtasun zinegotziak. Era berean, ondoko eraikinean ere ari dira lanean, izan ere, sua patio estu baten bidez zabaldu da bertara, eta laugarren pisura arteko egurrezko egitura bat dagoenez, udal arkitektoak egitura horren egoera aztertzen ari dira. “Zorionez, zerbait esategatik, zorte gutxi egon delako, alde honetara ematen duen egitura hormigoizkoa da, eta horrek neurri batean lasaitasuna ematen digu esku hartze honetan”, nabarmendu du Ibabek.
Kalteak hamar etxebizitzatan
Zinegotziek adierazi dutenez, hamar etxebizitzatan eragin ditu kalteak suteak, eta gutxienez, sei etxebizitza egoera txarrean geratuko dira. “Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik prozedura guztiak aktibatu dira, eta familiak hotel batera lekualdatu ditugu. Itxaron egin behar da, eta sutea nola sortu zen ere ikertzen ari gara”, adierazi du Segurtasun zinegotziak.
Idoetak zehaztu duenez, atzo sutea piztu zenean –17:00-17:30ak aldera— aktibatu zuten Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua eta 19:30erako bazekiten bizilagunen birkokatzeak egin beharko zituztela. “Hotel bat erreserbatu genuen, eta hamar familia joan dira bertara; hamazazpi pertsona guztira. Hasiera batean, hiru egun emango dituzte bertan, aseguruekin harremanetan jar daitezen eta abar”, azaldu du Auzoetako zinegotziak.
Gaurtik aurrera jarriko da udala kaltetuekin harremanetan, beraien beharrak zeintzuk diren jakiteko eta suhiltzaileen eta arkitektoen agiriak helarazteko.