Lau pertsona atxilotu dituzte pasa den abenduan Parte Zaharrean izandako borroka bategatik
![Bengala](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2025/02/bengala.jpg)
Sare sozialetan birala egin zen iazko abenduaren 30ean Parte Zaharrean izandako borroka bat. Hainbat lekukok grabaturiko bideoak zeresana eman zuen. Izan ere, irudietan ikus zitekeen borrokan parte hartu zuen pertsona batek bengala bat piztu zuela beste bati eraso egiteko. Gertaera horren harira, Udaltzaingoak lau pertsona atxilotu zituen urtarrilaren 27an, tartean bengalarekin eraso egiten saiatu zena.
Borroka egun hartako goizaldean piztu zen, Parte Zaharreko Portu kalean. Une hartan, udaltzainek borrokan parte hartzen ari zen pertsona bat atxilotu zuten. Udaltzaingoak borrokan parte hartu zuten gainerako pertsonak identifikatu ahal izan ditu, sare sozialetan bideo guztiak ikusi eta lekukoen deklarazioak jaso ostean.
Lau atxilotuak aske geratu ziren, epailearen deiaren zain, Poliziaren aurrean deklaratu ostean, eta desordena publikoa eta lesioak egotzi dizkiete.