Marta Epelde izendatu dute Euskadiko Eraikuntza Klusterreko zuzendari nagusi berri
Ibilbide profesional luzea du eraikuntzaren esparruan, eta, aurrez, Errioxako Eraikuntza Klusterreko buru ere izan da.
![Marta Epelde](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2025/02/martaepelde3.jpg)
Marta Epelde (Donostia, 1984) arkitekto teknikoa da Euskadiko Eraikuntza Klusterreko zuzendari nagusi berria, azken zazpi urteetan karguan izan den Jon Ansoleaga Ugarteren lekukoa hartuta. Ardura berri honi “indar handiz” ekingo diola adierazi du Epeldek, “inflexio puntuan” dagon sektorean klusterra eraldaketaren protagonista izatea nahi baitu, industriaren eraldaketa bizkortuz eta produktibitatea eta lehiakortasuna sustatuz. Horretako “industrializazioa, jasangarritasuna eta lankidetza” oinarri izango dituztela zehaztu du.
Epeldek Arkitektura Tekniko gradu eta Proiektu Zuzendaritza master ikasketak osatu zituen Euskal Herriko Unibertsitatean; baita Eraikuntzaren Biologia masterra eta Habitataren Neurketan espezialista ikasketak ere Institut für Baubiologie and Nachhaltigkeit (IBN) institutuan. Gainera, Passivhaus Designer eta Tredesperson gisa akreditatua dago Passivhaus Institut Damrstadt (PHI) institutuaren aldetik. Hamabost urtetik gorako eskarmentua eraikuntzaren esparruan, bereziki, energia efizientziari, eraikuntza berrikuntzari, iraunkortasunari eta eraikinen osasunari buruzko aholkularitzan; trebatzaile, hizlari eta dibulgatzaile gisa ere aritzen da. Aurrez, Errioxako Eraikuntza Klusterreko buru ere izan da.
Euskadiko Eraikuntzaren Klusterra 2010ean sortu zen industria horretako enpresei hazten laguntzeko. Negozio aukera berriak hautematen ditu, negozio ildo berriak edota dibertsifikazio-estrategiak bilatzeko. Gaur egun, 160 enpresa hartzen ditu barne, eta Estatuan bazkide gehien dituen klusterra da. Bere ibilbide-orrian, produktibitatearen eta industrializazioaren erronkari heltzen dio, eraldaketa digitalera eta garapen jasangarrira bideratutako ekimenak sustatuz.