Udalak bazekien San Martzial kaleko eraikinean diogenesen sindromearen kasu bat zegoela
"Gizarte zerbitzuek aspalditik zuten monitorizatuta eraikinaren familia jabea", azaldu dute udaleko iturriek.
San Martzial kaleko 8. zenbakian sute bat piztu zen atzo, eta oraindik guztiz itzali nahian dabiltza suhiltzaileak. Horren harira, su hartu zuen etxebizitzaren jabeek diogenesen sindromea zutela zabaldu dute hainbat hedabidek. Donostiako Udalak hori bera baieztatu du ohar baten bidez, eta kasu horren berri bazuela gaineratu du.
“Udaleko gizarte zerbitzuek aspalditik zuten monitorizatuta eraikinaren familia jabea. Gizarte zerbitzuen jarraipen horren ondorioz, San Martzial eraikinean zegoen diogenesen sindromearen egoeraren berri izan zuten, bertan metatutako materialak ateratzeko esku hartzeren bat ere egin baitzen iraganean”, azaldu dute udaleko iturriek.
Gizarte Ekintzetako Saila jabeen senide eta hurbilekoekin harremanetan jarri zen, eta eraikinean esku hartzeko laguntza judiziala ere eskatu zuten. Azkenik, familiak etxebizitza garbitzea onartu zuen. Horretarako, enpresa bat kontratatu zuten, eta sutea hasi zen unean lan horiek egiten ari zirela esan du udalak.
Bestalde, bart etxetik kanpo lo egin zuten hamar familiek udalak jarritako hotelean pasatuko dute gaua, berriz ere.