Zabalik da 36. Gazteen Antzerki Topaketako izen ematea
Eskaerak martxoaren 9a baino lehen helarazi beharko dituzte parte hartu nahi duten taldeek; gehienez, hogeik parte hartu ahalko dute.

36. Gazteen Antzerki Topaketan izena emateko epea martxan da, martxoaren 9ra arte. Donostia Gazteriak antolatutako egitasmoa da eta helburu du gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea, antzezle, sortzaile edo ikusle izan; eta “kultura ekitaldietara joateko eta haietaz gozatzeko ohitura” sustatzea. Halaber, gazteak motibatu nahi ditu haien sormen prozesuan aurrera egin dezaten, beren kultura ekoizpenaren hedapena bultzatuz.
Donostia Kulturaren babestuta, emanaldiak Lugaritz, Egia eta Intxaurrondo kultur etxeetan, Antzoki Zaharrean, Viktoria Eugenia klub aretoan eta Kontadoresek aurrera eramango dituzte maiatza eta ekaina bitartean.
Parte hartu ahal izateko baldintzak honakoak dira:
- Talde profesionala ez izatea.
- Partaideen adina 14 eta 30 urte artekoa izatea.
- Lehentasuna dute Donostiako ikastetxe, unibertsitate, antzerki eskola eta talde independenteei. Azken hauen kasuan, taldeko partaideen erdiak gutxienez hirian erroldatua egon beharko du.
Gehienez, 20 talde hautatuko dituzte. Izena emateko, eskaera inprimakia eta antzezlanaren argazki adierazgarri bat helarazi beharko dute gazteria@donostia.eus e-postara.