Zer plan astebururako?
![filmak](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2025/02/filmak.jpg)
Astebururako plan bila bazabiltza, aukerak ez zaizkizu faltatuko Donostian. Hasteko, gogoratu kaldereroak ospatuko dituztela ostiralean Aieten eta Loiolako Erriberan, eta larunbatean Parte Zaharrean, Herreran, Amaran, Txomiñenean eta Grosen. Eta, igandean, inude eta artzainez disfrutatu ahalko da Parte Zaharrean. Horrez gain, baina, bestelako jarduerak aurkituko dituzue gure agendan, eta egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizuegu jarraian.
Ostiralean (hilak 7), La Farandula aretora joatea da gure proposamena, Javier Marcosen La historia de Musashi mikroantzezlana ikustera. Lau emanaldi eskainiko dituzte, 20:00etan hasita, ordu erdian behin, eta sarrerak aretoan bertan daude salgai.
Larunbatean (hilak 8), zinema arlokoa da gure proposamena: Gwendolyn Green (Tamyka Smith, 2017) eta All dirt roads taste of salt (Raven Jackson, 2023) filmak ikusi ahalko dira Tabakaleran; ez galtzeko modukoak. Sarrerak hemen daude salgai.
Igandean (hilak 9), Dabadaba aretora joatea proposatuko dizuegu, Lion’s Law Mess eta Claimed Choice streetpunk taldeen kontzertuez disfrutatzera. Sarrerak hemen daude salgai.