«Arreta psikologiko espezializatua» aldarrikatuko dute haur minbiziaren aurkako XII. Ipar Martxan
Otsailaren 16an izango da, Donostian, eta izen ematea zabalik dago.
![Aspanogi](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2025/02/aspanogi.jpg)
Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunaren harira, XII. Ipar Martxa antolatu du Aspanogi elkarteak Donostian otsailaren 16rako. Elkarteak gogorarazi duenez, elkartasuneko martxa hau ez da lasterketa bat, eta bi bastoien laguntzarekin edo bastoirik gabe ibilbidea egitea izango da. Izen emateak hemen egin daitezke.
Izatez, hilaren 15ean izango da Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna, eta egunean bertan irakurri eta ezagutaraziko dute aurtengo aldarrikapen instituzionala, Haur Minbiziaren Familien Espainiako Federazioak eginikoa. Aspanogik bat egin du manifestu horrekin, beste 23 elkarterekin batera. Aurtengo Nazioarteko Egunaren eta haur minbiziarekiko elkartasunaren irudia urre koloreko lazoa da, eta leloa, aldiz, Arreta psikologiko espezializatu baten alde izango da.
Arreta psikologiko espezializatuaren beharra
Aspanogik nabarmendu duenez, adingabeen minbiziaren diagnostikoak ez dio soilik haien osasun fisikoari eragiten, baita haien ongizate psikologiko eta emozionalari ere. “Egun batetik bestera, minbiziak adingabeen eta beraien familien bizitza hankaz gora jartzen du, eta ohiko ekintzak ospitaleko bisita, froga, tratamendu eta uneoroko zaintzagatik ordezkatzen dira. Ospitale batean egon behar izateak eta tratamenduen ondorio fisiko, emozional eta kognitiboek beraien eguneroko ekintzetan mugak ezartzen dizkie eta desberdin sentiarazi. Familiek adingabearekin batera bizi dituzte egoera hauek eta beraien egoera emozionalean eragina nabaria da”, adierazi du elkarteak.
Hori dela eta, otsailaren 15eko manifestuaren bidez, minbizia duten adingabeen, nerabeen eta haien familien osasun mentala zaintzeko beharra ikusarazi nahi dute, prozesu onkologikoaren fase guzti-guztietan: diagnostikoan, tratamenduan, doluan eta gaixotasunaren ondorio posibleen kudeaketan.