EH Bilduk dio foru gobernuak «bisio falta» agertu duela, GI-20aren eraldaketaren aurrean
![gi-20](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2025/02/gi-20.jpg)
EH Bilduk GI-20 errepidearen eraldaketaren inguruko ebazpen proposamena erregistratu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzeko, “Donostiako Udalarekin batera, GI-20 saihesbidearen Donostiako zatiaren eraldaketa egiteko eman beharreko urratsak definitzen has dadila eta horretarako bi erakundeen arteko egitura sor dezala urtebeteko epean”.
Proposamena eztabaidatu dute batzar nagusietan, baina ebazpenak ez du aurrera egin, EAJren eta PSE-EEren osoko zuzenketa tarteko: “Kezkaz ikusten dugu bi alderdiek erakutsi duten gaitasun eza Gipuzkoako etorkizuneko hiriburua irudikatzeko. Are gehiago, kezkagarria da egiaztatzea noraezean ari direla, irizpide bateratu bat gabe, izan ere, Donostiako Udalean birritan onartu du udalbatzak, EAJren eta PSE-ºEEren botoak barne, GI-20aren eraldaketaren aldeko proposamen bana. Biak ala biak EH Bilduk sustatuak”, kritikatu du alderdiak.
Horrela, koalizio abertzaleak deitoratu du “bisio falta” agertu duela foru gobernuak: “Etorkizunerako ikuspegirik gabe eta lankidetzarako borondaterik gabe. Proposamenarekin lanean hasi ordez, trabak baino ez dizkio jarri etorkizuneko eraldaketa garrantzitsua izango dela jakinik. HAPOa [hiri antolamenduko plan orokorra] ere erabili du aitzakian, berrikuspen prozesuan erabakiko dela zer egin argudiatuz. Bada, jakitun gara berrikuspena luzea dela, eta plan orokorra gutxienez ez dela 2030 urte arte onartuko. Eraldaketa egin egingo dela jakitun bagara eta hiriarentzat beharrezkoa dela, baita donostiarrek HAPOaren parte hartze prozesuan horri buruzko zalantzak eta iritziak eman dituztela, zertarako itxoin?”.
Proiektu “estrategikoa”
EH Bilduk parte hartze prozesu bat egin zuen urte eta erdiz, 2021ean abiatuta, GI-20aren eraldaketarako proposamen bat idazteko. 2023ko apirilean aurkeztu zuten proposamena, eta, horren arabera, besteak beste, 60 hektarea lurzoru berreskuratuko lituzke hiriak, “herritarrentzat”. Hori dela eta, proiektua “estrategikotzat” du EH Bilduk: “Estrategikoa den proiektu honi ez diogu bizkarra emango. Ukaezina da egungo garaiek beste izaera eta erabilera bat izango duen azpiegitura eskatzen dutela: 50 urte beteak dituen errepide zaharrak lubaki izatetik aukera izatera pasatu behar du, Herreratik Añorgaraino Donostiako auzoak josteko aukera bat, hiria mendebaldetik ekialdera modu jasangarriago eta atseginago batean zeharkatu eta gozatzeko abagune bat”.
2022tik, hiria HAPOaren berrikuspen prozesuan murgilduta dago eta, hain zuzen ere, alderdiak gogorarazi du planaren aurrerakinean “eragiketa garrantzitsuenetako” gisa ageri dela GI-20aren eraldaketa. Horregatik, gaiari heltzeko une aproposa dela deritzo koalizioak: “Donostiako hiria orain dago HAPOa berrikusteko prozesuan murgilduta eta orain da momentua. Zertarako eta zergatik itxoin? EH Bildutik uste dugu berandu baino lehen ezinbestekoa izango dela eraldaketa honi buruz eragin zuzena duten bi administrazioek elkarrekin gaiari buruz eztabaidatzea, lanean hastea eta adostasunez erabakiak hartzea hiriarentzako eta, ondorioz, Gipuzkoarentzat”.
“Errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena denez, beharrezkoa izango da bi erakundeen arteko lankidetza edo hitzarmena egitea. Horretan oinarrituta defendatu dugu ebazpen proposamena: eraldaketa honetan urratsak eman nahi baditugu, Gipuzkoaren etorkizuna marraztu nahi badugu, bi erakundeen arteko egitura sortu beharko da”, gaineratu du EH Bilduk, baita nabarmendu ere proposamena ezin dela “alderdikerien jokoan erori, hausnarketa bateratua izan behar du”.