Erein, hazi eta hezi: Ekintzako umeen baratzea
Pasadizo baten moduan hasi zena laster bihurtu zen ikasgela osoa batu zuen proiektu: ikastolan baratze bat sortzea.
![ekintza1](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2025/02/ekintza1.jpg)
Astelehen goiz batean, Haur Hezkuntzako bigarren mailako haurrek haien asteburuko egunei buruzko istorioak partekatzen zituzten bitartean, Lucasek eskua altxatu zuen, gogo biziz. «Aitonak sagarrondo bat dauka bere baratzean, eta atzo hazi hauek eman zizkidan landatzeko», esan zuen, sagar hazi txiki batzuk erakutsiz. Bere proposamenak beste ikasleen artean jakin-mina piztu zuen, eta berehala hasi ziren beren fruitu gustukoenei buruz hitz egiten. Horrela, eskolan baratze txiki bat izatea nolakoa izango litzatekeen irudikatzen hasi ginen.
Pasadizo baten moduan hasi zena laster bihurtu zen ikasgela osoa batu zuen proiektu: ikastolan baratze bat sortzea. Irakasleen, familien eta ikasle guztien laguntzarekin, haurrak abentura batean murgildu ziren, taldean lan egiten eta natura zaintzen ikasteko. Gu, Batxilergoko ikasleak, kux-kux ibili gara, eta haien lanaren inguruan gehiago jakiteko beta izan dugu.
Baratze proiektua hainbat pausotan gauzatu dugu. Hasteko, txikiek beraien ezagutzak frogatu zituzten gelan, irakasleen galderak erantzunez. Honela, ikasleak haziak sailkatzen ikasiz eta bakoitzaren inguruan informazio praktikoa jasoz joan ziren. Hazien itxura eta tamaina desberdinak konparatu zituzten, eta bakoitza nondik datorren ikasi zuten: batzuk fruituetatik, beste batzuk landareetatik…
«Eta haziak etxetik ekartzen badituzue?», esan zieten irakasleek txikiei. Esan eta egin. Batzuek fruituen haziak ekarri zituzten, eta beste batzuek, aldiz, txia edo piparenak.
Dena den, haziak aztertu eta sailkatu ostean, landatzeko aproposak ez zirela jabetu ginen! Beraz, irteera bat egin genuen Bretxako azokara, eta bide batez, auzoa ezagutzeko aukera izan genuen, tokiko merkataritzara hurbilduz. Ene! Zenbat hazi desberdin! Ikasitakoarekin, haurrak haziak aztertzeko gai izan ziren, tamaina, jatorria eta ezaugarriak alderatuz. Gainera, hango saltzaileak informazio berri pila eman zien gure ikasleei, baita gure baratzean landatzeko aholkuak eskaini ere!
Behin haziak genituela, ikastolara itzuli eta gure proiektu irrikatsua martxan jarri genuen. Bada… nola?
Baratzea bi zatitan antolatu genuen. Batetik, jolastokiko lore ontzietan zenbait hazi landatu genituen, horrela errazagoa izan da txikientzat ulertzea hazi batetik ateratzen direla kalean ikusten dituzten landareak. Bestetik, gelan beste hazi batzuk ere landatu ditugu, baina, kasu honetan, plastikozko zorroetan, horrela haztearen prozesu osoa beren begiez ikus dezakete. Egunero ura botaz eta argia jasoz zurtoinak hazten joaten direla ikasi dute gure txikiek.
Zein ondo zaintzen dituzten landareak, eta zer nolako esperientzia aberasgarria! Baratze honek natura munduaren inguruko ikaskuntzaz gain, bestelako onurak ere baditu haurrentzat: landareekiko erantzukizuna garatzearekin batera, haien gauzez arduratzen ikasten dute, eta halaber, ingurumenarekiko kontzientzia handiagoa hartzeko parada izan dute.
Haurrek egindako lan guztia ikusita, argi dago baratzea bat baino askoz gehiago sortu dutela, eta haien begietatik ikustea benetan inspiratzailea izan da guretzat!