«Ezin da jendea behartu min egoerei irtenbide indibidualak ematera»
Donostian bizi da Miren Guillo Arakistain (Elgoibar, 1983). Ikasketa Feminista eta Generokoetan doktorea da, eta hilekoa oinarri hartuta, gizartean izan diren aldaketa sozialei erreparatu die 'Odolaren matxinadak. Gorputza, politika eta afektuak' liburuan.
Zure tesian oinarritutako ‘Sangre y resistencia’ gaztelaniazko liburuaren hitzaurrean, Mari Luz Estebanek dio menstruazioa ikerketagai bihurtzeko nahiak bultzatu zintuela tesia egitera. Zergatik da garrantzitsua gai hori zuretzat?
2008-2009 inguruan hasi nintzen ikerketa honekin. Aurretik, hori lantzen genuen kolektibo feminista batean parte hartzen nuen, eta egia esan, Mari Luzek berak proposatu zidan, interesgarria izan zitekeelakoan. Baina, nik beti azaltzen dudan gisan, antropologian ere oso ohikoa da gai zehatz bat hartzea eta gai hori erabiltzea, nolabait, gizarte aldaketa edo gizarte gai orokorragoei buruz hitz egiteko, esperientziak harremanean jarriz kultura eta gizarte egiturarekin. Niri momentu horretan interesgarria iruditu zitzaidan, eta zehazki hilekoari lotutako proposamen feminista desberdinak hasi nintzen ikertzen: fanzineetatik hasita, performanceak, tailerrak… askotariko egitasmoak. Baina, batez ere, ikusten nuen proposamen horien atzean bazeudela oso diskurtso anitzak generoaren, feminismoaren, proiektu politikoen, kontsumo gizartearen eta osasunaren inguruan, eta interesgarria iruditu zitzaidan diskurtso eta praktika aniztasun hori, aukera ematen zuelako gizartean zeuden beste gauza batzuei begiratzeko.
Mireia Delgadorekin osatu zenuen Nomantxakolorea lantaldean hasi zinen gaia jorratzen. Zer egin zenuten hasiera hartan?
2006-2010 urteen artean izan zen hori. Momentu horretan, ikuspegi feminista batetik eztabaidatzen genituen gauzak, eta guretzako hilekoa adibide bat zen. Gorputz batzuen patologizazioari eta hilekoaren gaiari lotuta, ikuspegi negatiboak eztabaidatzen genituen, beste praktika eta imajinario alternatibo batzuk sortzeko. Kontua da, garai horretatik hona, proposamenak asko aldatu direla, baina baita gure gizartea bera eta hilekoaren inguruan egon diren diskurtsoak ere.
Zer zentzutan?
Mendebaldeko gizarteetan badago hilekoaren inguruko ikuspegi patologizatzaile bat, zikintasunarekin eta kutsadurarekin lotutakoa, gai kulturalekin zerikusia duena, besteak beste. Baina beste gauza batzuekin ere bai; adibidez, frankismo garaian, ginekologiaren inguruko diskurtsoek emakumeen gorputzak patologizatzen zituzten, eta horren ondorioz, gizarte batzuetan —unibertsalizatzeko arriskua dagoelako— hilekoaren inguruko ikuspegi negatiboa oso zabalduta dago. Baina borroka feministen ondorioz, 1970-1980eko hamarkadetan, asko eztabaidatu zuten horren guztiaren inguruan, eta nik esaten dut gaur egungo hilekoaren proposamen feminista guztiak horren legatu bat ere badirela.
Aipatu duzu menstruazioa zerbait «zikina» balitz bezala identifikatu izan dela mendebaldeko gizarteetan, eta horrek beste errealitate batzuk lausotu izan dituela. Zeintzuk dira errealitate horiek?
Batez ere, ikerketan izan du eragina horrek. Urte askotan, ikuspegi etnozentriko batetik –alegia, mendebaldeko gizarteak beste guztia aztertzeko duen joera horretatik–, ikerlariak joaten zirenean beste herrialde batzuetara, mendebaldeko ikuspegi negatiboak baldintzatuta zeuden. 1970-1980eko hamarkadetan, horrekin apurtzen da pixka bat, ohartzen direlako leku askotan ikuspegiak direla kolonizatzaileek eraman dituztenak. Horrek, batzuetan, eramaten du exotizatzera eta idealizatzera beste leku batzuetan hilekoak eduki dezakeen esanahia, eta pentsatzea positiboa dela per se. Hori ez da horrela, kontua da jakitea ikertu izan denean, ikuspegi etnozentriko eta kolonialista batetik egin dela, eta orduan, oso ikerketa gutxi dugula. Baina egin direnean, eta benetan hilekodun pertsonen praktikak ezagutu direnean, askotarikoak daudela ohartu dira, eta esanahi anitzak dituztela. Horrek pistak ematen ditu lekuan lekuko genero sistemen inguruan, baina beraien testuinguruan aztertu behar dira.
Liburuan diozu frankismoaren garaian menstruazioa gaixotasun gisa definitu zela, eta horrek lan serioak egitea eragotzi ziela emakumeei. Beraz, emakumeak kontrolatzeko ere erabili izan da menstruazioa?
Bai hilekoa, eta, orokorrean, baita gorputzei lotutako prozesu asko ere. Eta ez soilik emakumeei, baizik eta kolektibo desberdinei. Niri asko interesatzen zaidan beste gai bat nazkarena da. Izan ere, nazka ez da gorputzari lotuta dagoen zerbait, zapalkuntza sistemei lotuta dagoen prozesu bat baizik. Ez da naturala den zerbait, eta historikoki, nazka erabili izan da kolektibo konkretuak zikintasunarekin lotzeko, eta gero, legeak eta ekintza desberdinak justifikatzeko. Nazkak gorputz sozialen inguruan informazio asko ematen digu beti, eta hilekoa adibide bat gehiago da. Frankismo garaian, erregimenak emakumeen gorputzekiko eta beste gorputz askorekiko egiten zuen erregulazio baten inguruko informazioa ematen digu. Gaur egun, agian ez daude horren ikuspegi patologikoak, baina beste ikuspegi batzuk ditugu, nolabait, norberak bere osasuna eta ongizatea bere kabuz kudeatu behar duela diotenak. Bitartean, osasungintza pribatua igotzen ari da, eta horren aurrean, politika publikoak eta ikerketa eta osasungintza publikoa behar ditugu.
«Nazka ez da gorputzari lotuta dagoen zerbait, zapalkuntza sistemei lotuta dagoen prozesu bat baizik»
Feminista batzuek gorputz politika desberdinetan interpelatzeko erabiltzen dute nazka. Nolakoak izan dira interpelazio horiek?
Aztertu ditudan kasu askotan, nazkaren interpelazioa neke batetik dator, etengabe pedagogia feminista egin behar izateaz, eta nahiz eta hori egin, feministak etengabe interpelatuak izateaz. Leku subertsibo batzuetara jotzeko desio batetik sortu izan da interpelatzeko joera. Batzuetan, hainbeste diskurtso egin gabe ere, sortu izan dituzte tailerrak, sorkuntzak, perforemanceak, konpresa lapurreta kolektiboak, odolaren erabilera publikoak… Interesgarriak iruditzen zaizkit pertsonak eta kolektiboak politika feminista bat egitera iristeko prozesuak.
Baliteke norbaitek hilekoarekin gaizki pasatzea, eta diskurtso positiboen aurrean nagitasuna sentitzea. Zer iritzi duzu zuk?
Hori da. Esaten dudanean beste arau batzuk daudela diskurtso negatiboekin nahasten direnak, da ematen duela gaur egun positiboki eta ondo bizi behar dugula derrigorrez. Eta nik uste dut patologizazioari aurre egiteko garrantzitsuak direla diskurtso positiboak, baina ezin dute hori korporazioek baliatu bat-batean jende guztiak horrela bizi behar izateko. Hasteko, pertsona batzuentzako ez delako hain garrantzitsua beraien hilekoa. Eta bestetik, askok dismenorreak, min handiak, endometriosiak eta ikertzen ez diren hileko faltak dituztelako. Ikerketak egiteko sekulako beharra dago, eta ondoez horiei osasungintza publikotik erantzutekoa ere bai. Ezin da jendea bere min egoerei irtenbide indibidualak eta kontsumoari lotutakoak erabiltzera behartuta egon.
Garrantzitsua da nabarmentzea hilekoa duten emakumeak baino, hilekoa duten gorputzak daudela.
Gure gizartean badago dimorfismo sexualaren ikuspegia, eta hortik oso modu polarizatuan ulertzen dira emakumeen eta gizonen gorputzak. 1970-1980eko hamarkadetatik ere epistemologia feministek eta antropologia medikoek aztertzen dute diskurtso mediko ginekologikoetan, mendebaldeko gizarteetan, nola hitz egiten den gorputz horiei buruz, hormonei buruz eta gorputz prozesu desberdinei buruz. Oso modu polarizatuan egiten dute, eta hilekoa beti agertzen da imajinario popularrean emakume guztiek eta emakumeek soilik duten zerbaiten gisan. Baina badaude arrazoi asko emakume askok hilekoa ez izateko, arrazoi desberdinengatik. Gaur egun, gero eta gehiago hitz egiten da hilekoa duten pertsona ez bitarrez, transez, eta abar. Nik ere erabiltzen dut emakumeak eta hilekodun gorputzak kontzeptua, hilekoa ez duten emakume askori ere eragiten baitie hilekoaren arauak.
Gizartea ondo egituratuta al dago azaldu duzun hori horrela dela ulertzeko?
Genero ikerketei dagokienez, momentu konplexu batean gaude. Mugimendu feministen ondorioz, gaur egun beste diskurtso batzuk ditugu gizartean. Gazteak ere beste formazio batekin datoz, eta ikusi dezakegu horrek politika publikoetan izan duen eragina. Baina momentu honetan, erreakzionarismo eta indar kontserbadore asko daude, eta feminismoaren kontrako ofentsiba asko ere bai. Orokorrean, emakume eta beste hainbat kolektibo subalternoen kontrako erreakzio asko dauden momentu sozial batean gaude. Nik uste dut garai honetan garrantzi handia duela publikotasuna aldarrikatzeak eta hortik, ikerketa eta politika publikoak egiteak, bai osasungintzari lotuta.
Publizitatean, ez da odolik erakusten, eta ezta hilekodun gorputz guztiak ere. Horrek nola eragiten du hilekoarekiko pertzepzioan?
Ikusezintasun handi bat eman da. Liburuan aztertu dut, baita ere, zer aldaketa egon den publizitatean. Izan ere, hilekoa ikusezin gisa agertu izan da, lehen negatiboago eta orain positiboago, baina norberak konpondu behar duen zerbaiten modura. Kudeaketa hori ez da asko ikusten. Esan dezakegu publizitatea aldatu dela hilekoari lotutako teknologia guztiak ere aldatu direlako. Begiratzen badugu, ohartuko gara duela hogei urte hilekoaren odolaren kudeaketarako proposamen bakarrak supermerkatuetan konpresak eta tanpoiak zirela. Horren aurrean, teknologia feminista desberdinak sortu ziren: kopak, konpresa berrerabilgarriak, eta bestelako proposamenak. Ni etnografia hau egiten hasi nintzenetik, pila bat areagotu da hori. Baina, aldi berean, neoliberalismoa beti dagoenez prest hori ere baliatzeko, korporazio handiek ere kopak produzitzen dituzte, besteak beste. Horregatik diot hilekoaren moduko gauza txiki bat begirada bat dela ekonomiari, osasungintzari edo generoari lotutako aldaketa orokorragoak aztertzeko.
«Gizarteak eta neoliberalismoak ere diskurtso feministak instrumentalizatzen dituzte»
Egunerokotasuna ez dago diseinatuta hilekoa duten pertsonentzat. Adibidez, hilekoarekin lanera joatea nekagarria izan daiteke. Aintzat hartu beharko litzateke hilekoa duen pertsona bakoitza zein fasetan dagoen horretarako?
Niretzako, garrantzitsuena da gaur egun gure lan mundua eta lan baldintzak ez direla osasungarriak inorentzat. Bereziki, kolektibo zaurgarrienentzat, eta baldintza material eskasenak dituztenentzat. Behin hori esanda, uste dut hilekoa bezala, beste arrazoi batzuk ere egon daitezkeela. Bestelako lan baldintza batzuk edukiko bagenitu, aukera emango lukete malgutasun gehiago edukitzeko. Garrantzitsuena da aintzat hartzea pertsona guztien artean dauden desberdinkeria sozialak eragiten dutela pertsona batzuek inoiz aukera horiek ezin erabiltzea. Honi lotuta, azken urteotan, Espainia izan da nazioartean, beste herrialde batzuekin batera, baja menstruala aktibatu duen estatuetako bat. Orain, Maribel Blazquez ikerlariarekin Espainiako baja menstrualen analisi bat egin dut, eta hor ikusten duguna da, batetik, legean jasota dagoenak eramaten duela legearen infradiagnostiko batera, soilik kasu konkretu batzuetan ematen delako aukera hori. Gainera, prozesua ere ez da erraza, eta norberaren lan baldintzen arabera ere oso zaila da baja horren erabilera egitea. Beraz, oso gutxi ari da aplikatzen hori. Bestetik, badauzka beste arrisku batzuk, nolabait, emakumeen ikuspegi biologizatzailea ekartzea berriro. Hain zuzen ere, gizonezkoek lan baja gehiago hartzen dituztela diotelako datuek. Hala ere, behar ditugu politika publiko hauek, eta modu bat topatu behar da inklusiboagoak izan daitezen.
Nolako politikak eraiki beharko lirateke hilekoa erdigunean jartzen duen gizarte bat osatzeko?
Pertsonen osasuna jarriko nuke erdigunean, eta horri buruz hitz egiterakoan, ez gara ari modu indibidual batean hitz egiten. Azkenean, pertsonen osasuna da errauskailu bat jartzea edo ez, bizi baldintza onak dauzkan etxe bat ordaindu ahal izatea edo ez, eta baldintza prekarioak ez edukitzea. Hortik, pertsonen osasuna erdigunean jarriko nuke, eta hilekoak atzean duen guztia aintzat hartuta, uste dut politika publikoak behar ditugula, bai lan munduan eta baita osasun profesionalek baliabideak eduki ahal izateko ere.
«Hilekoak atzean duen guztia aintzat hartuta, politika publikoak behar ditugu, bai lan munduan eta baita osasun profesionalentzat ere»
Donostian bertan, zer dinamika jarriko zenituzke martxan hilekoari merezi duen tokia emateko?
Euskal Herrian, orokorrean, gero eta jende gehiago ari da hilekoaren inguruan lan egiten. Aldaketak eman dira. Liburuan agertzen da Donostian 2014an egin zen pintaketa bat, Grosen. Bertan, Gure hilekoak alu usaina du irakur zitekeen. Garai horretan, gainera, gizartera ateratzen ari zen gai hori, eta nabarmendu egingo nuke. Dena delakoa, osasuna ikuspegi komunitario batetik bermatu behar dela iruditzen zait.