Igandean egingo dute 94. Uliako Gimnastika proba
![](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2024/02/425671784_122172950714010145_6926920659637489018_n-1200x800.jpg)
94. urtez, Uliako Gimnastika klubak izen bera duen lasterketa antolatu du Donostian, igande honetarako (hilak 9). Klubak nabarmendu duenez, Espainiako Atletismo Federazioaren egutegiko Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako lasterketari zaharrena “zirkuitu ezin hobea, homologatua eta laua duena”. “Mota guztietako partaideei irekitako lasterketa herrikoia da. Proban parte hartzeko ez da beharrezkoa federatuta egotea”, gaineratu dute.
Bost kilometroko lasterketa bat dago eta hamar kilometroko beste bat, eta hamar kilometroak 40 minututik behera egiteko gai diren korrikalarientzat propio prestaturiko proba ere egongo da. Izan ere, eliteko hainbat atletak hartuko dute parte, hala nola, Pablo Sanchezek, David Bascuñanak eta Zakariya El Boubekraouik gizonezkoetan eta Ana Oliveirak, Silvia Reyk eta Claudia Corralek emakumezkoetan. Bestalde, 10 eta 13 urte bitarteko haurrentzat, 1.560 metroko lasterketa bat ere prestatu dute, eta 3.120 metroko bat 14 eta 17 urte bitartekoentzat.
Bost kilometroko proba 09:30ean abiatuko da, hamar kilometroko herrikoia 10:15ean eta hamar kilometroko elitekoa 12:15ean. Bestalde, 14 eta 17 urtekoena 11:30ean abiatuko da eta 10-13 urtekoena 11:50ean. Denak Zurriolatik abiatuko dira, baita bertan bukatu ere.
Probaren eraginez, hainbat neurri hartuko dituzte hiriko errepideetan goizean zehar, eta Dbusen zerbitzuan eragina izan dute; hemen dituzue aldaketa guztiak.