Indarkeriarik gabeko borroka: Iberdueroren aurkako hiru ekintza
Iberduero enpresa ekintzaile antinuklear eta ekologista askoren jomugan egon zen urte luzez, besteak beste, Lemoizko zentral nuklearraren harira. Askotariko ekintzak egin zituzten enpresaren aurka Euskal Herrian, eta Donostia ez zen gutxiago izan, noski.

Borroka sozial handiko hamarkadak ziren 1970ekoa eta 1980koa, eta borroka ekologista eta antinuklearra izan zen garai hartan zeresan gehien eman zuenetako bat, besteak beste, Lemoizko (Bizkaia) proiektu nuklearraren harira.
Asko izan ziren proiektu horren eta euskal kostaldean beste zentral nuklear batzuk eraikitzearen aurka borrokatu ziren herritarrak Euskal Herrian, mobilizazio eta indarkeriarik gabeko ekintza ugari eginez. Hala ere, Lemoizko proiektuaren aurkako indarkeria ere egon zen, besteak beste, Jose Maria Ryan Estrada ingeniaria hil baitzuen ETAk 1981ean.
Lemoizko proiektua itxita ere, borroka antinuklearrak ez zion utzi Iberdueroren jarduna salatzeari
Proiektua bera ez ezik, proiektua sustatzen ari zirenen jarduna ere salatu zuten ekintzaile antinuklearrek eta ekintzaile ekologistek, hala nola, Iberduero enpresa, bai Lemoizko proiektua martxan zegoenean, baita geldiarazi ondoren ere. Gogoratu behar da, bestalde, egungo Iberdrola enpresa Iberdueroren eta Hidrolaren elkartzetik jaio zela.
Donostian zegoen enpresaren egoitzetako bat eta, hori dela eta, manifestazioez gain, indarkeriarik gabeko hainbat ekintza esanguratsu egin zituzten hirian; horietako hiru gogoratuko ditugu hurrengo lerroetan, hirurak Sabino Ormazabalen Indarkeriarik gabeko 500 ekintza. Historia kontatzeko beste modu bat liburuan jasotakoak (Manu Robles Arangiz fundazioa, 2009).

Lemoizko zentral nuklearraren aurkako manifestazio bat, Donostian, 1970eko eta 1980ko hamarkaden artean.Arturo Delgado/Kutxateka
Baraualdia, itxiera eta ura
Liburuan jasotzen den Iberdueroren aurkako Donostiako lehenengo ekintza 1980ko urtarrilaren 3koa da. Egun hartan, herritar talde batek, modu baketsuan, baraualdia abiatu zuen kalean, Iberduerok Donostian zituen bulego nagusien aurrean. Bizitzaren alde, heriotzaren aurka leloa zuen pankarta bat zuten militanteek, eta hiru eguneko baraualdia egin zuten. Gogoratu behar da Lemoizko zentralaren proiektuak bizirik jarraitzen zuela oraindik 1980an, ofizialki 1984an utzi baitzioten zentrala eraikitzeari, Espainiako Gobernuak ezarritako moratoria nuklearraren ondoren.
Lemoizko proiektua itxita ere, borroka antinuklearrak ez zion utzi Iberdueroren jarduna salatzeari. Horrela, 1985eko otsailaren 16an, enpresak Donostiako Hernani kalean zituen bulegoak «itxi» zituzten Energia Nuklearraren Aurkako Komiteko kideek, inauteriak baliatuz. Argindarraren prezioaren igoera salatzeko ekintza izan zen, liburuan jasota dagoenez: «Hara inguratu zen jendeak arretaz eta ezin sinetsirik bezala begiratzen zien bulegoetako sarrera adreiluz eta zementuz itsutu zuten ekintzaileei. Fatxadan, komiteko kideek pankarta bat jarri zuten: Iberduero lapurra. Ekintza haren berri ematen zuen kartel bat ere bazuten: Lapurrak eta gangsterrak izateagatik itxitako lokala».

Lemoizko zentralaren aurkako borrokaren garaitik Donostian gelditzen den pintaketa bat, Bidebietan.Beñat Parra
1987koa da hirugarren ekintza, Eguzki talde ekologistak egindakoa. Bestelakoa izan zen, baita beste arrazoi batzuengatik egindakoa ere: «Iberdueroren bulegoak urez estali zituzten sinbolikoki, Riañoko herritarrei elkartasuna adierazteko. Izan ere, herri hura desagerrarazi nahian zebiltzan, urtegi baten proiektua aurrera ateratzeko. Eguzki taldeko hainbat kidek urez betetako ontzi bat bota zuten zorura; leuntasunez, betiere, ez zipriztintzeko».
Garaiak aldatu dira, baita borrokatzeko arrazoiak —ez denak— eta moduak ere, baina historiak baditu gaur egunera ekar daitezkeen mila erreferentzia, eredu eta irakaspen. Edo, gaur egun ez al daude argindarraren prezioa igotzen duten eta bestelako jukutriak egiten dituzten «lapurrak eta gangsterrak»?