Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketan parte hartzeko epea, hilaren 14ra arte zabalik
![koldo-mitxelena](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2024/05/koldo-mitxelena.jpg)
36. urtez, Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketa antolatu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, 8 urtetik 18 urtera bitarteko haur eta gazteentzat. Otsailaren 14an bukatuko da lanak bidaltzeko epea.
Adin taldeen araberako bost kategoria bereizten dituzte, eta sei arlotan parte hartu daiteke: komikia, web komikia, olerkia, ipuina, mikroipuina eta bertsoa. Lanak originalak eta bakarkakoak izango dira sail guztietan eta parte hartzaile bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du.
Epaimahaian literatura eta kulturgintzarekin loturiko ordezkariak izango dira: Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak; Iñaki Martiarena Mattin komikigilea eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria. Sari banaketa maiatzaren 14an izango da, udal batzar aretoan.
Euskara Zerbitzuak ohar bidez azaldu duenez, “lehiaketaren helburua, euskararen erabilera eta sormena ikasleen artean sustatzea, bete egin da hein handi batean, saritutako zenbaitek euskarazko sormen lanetan murgilduta jarraitzen baitute gaur egun. Bestetik, lehiaketaren datuak oparoak dira oso: 1990ean abian jarri zenetik, 39.838 lan aurkeztu baitira guztira”. Iaz, 1.273 lan aurkeztu zituzten.