Ospitaleko aparkaleku faltaren aurrean, «konponbidea» eskatu dute langileek
![osakidetza](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2025/02/osakidetza.jpg)
SATSE, LAB, ELA, CCOO, SAE, UGT eta TECNOS sindikatuek deituta, Donostiako ospitaleko langile ugari ospitaleko atean elkarretaratu dira ostiral goizean, 07:30ean (goizeko txandakoak sartu aurretik), aparkaleku faltaren aurrean, “konponbidea” eskatzeko. Izan ere, langile zein paziente eta pazienteen senideentzat, arazo handiak daude ospitalearen inguruan aparkatzeko, aspalditik. Arazoa, ordea, areagotu egin da azkenaldian, eraikin berria eraikitzeko lanen harira.
“Sindikatu bakoitzak indibidualki gai hau jorratzen duen arren, 2024ko martxoan, denok batera elkartu ginen ESIko zuzendari ekonomiko finantzarioarekin. Langileen batzordeari jakinarazi zitzaigun azaroan itxiko zela langileentzako aparkalekua, eta hurrengo hilabeteetarako aurreikuspenak azaldu zitzaizkigun. Honen aurrean, langileen batzordeak planifikazioa eta alternatibak eskatu genizkien”, gogorarazi dute sindikatuek elkarretaratzean.
Langileen batzordeak urrian egin zuen hurrengo bilera Donostialdeko ESIko zuzendaritzarekin, eta, azaldu dutenez, honako proposamen hauek egin zituzten sindikatuek: Osakidetzari autobus anezka zerbitzua eskatzea, probintziatik ospitalera datozen autobus lineak indartzea, Illunbe inguruan egoki prestatutako geltoki bat gaitzea, Illunbeko aparkalekua segurtasun sistemaz hornitzea eta argia jartzea, ekitaldiak dauden eta aparkalekua erabili ezin den egunetarako benetako alternatiba bat eskaintzea, Dbus lineak indartzea, ama-haurren eraikineko aparkalekurako sarbidea arautzea eta Amara eraikinean erreserbatuta dauden plazetan aparkatu ahal izateko informazioa ematea. Berriki, gainera, luizi bat gertatu da Illunben eta, hori dela eta, lurpeko aparkalekua itxi dute.
Ondoren, azaroan, beste bilera bat egin zuen langileen batzordeak zuzendaritzarekin, eta, aipaturiko gaiak lantzeaz gain, hiru proposamen gehiago egin zituzten langileen ordezkariek: behin betiko irtenbide bat emateko gaiari, eraikin berriaren proiektua berrikustea aparkaleku gehiago izan ditzan; Lurraldebuseko lineak indartzea eta Onkologikoaren aurrean geltoki bat gehitzea planteatzea, Hondarribia-Irun linea berrikustearekin batera.
Sindikatuek salatu dutenez, aparkaleku arazoak zein herrialdeko zona batzuetatik ospitalera garraio publikoan iristeko arazoek “handiak” izaten jarraitzen dute eta, horregatik, behingoz “konponbide” bat emateko eskatu diete agintariei: “Egoera hau konpontzeko behar beste aldiz bilduko gara eta beharrezko neurriak hartuko ditugu”, nabarmendu dute.