San Martzial eta Etxaide kaleetako bizilagun ia guztiak euren etxebizitzetara itzuliko dira
Asteazken arratsaldean sutea piztu zen San Martzial kaleko 8 zenbakidun atariko etxebizitza batean, eta, horren ondorioz, Donostiako Udalak ostatu eman behar izan zien atari horretako eta Etxaide kaleko 6 zenbakidun atariko bizilagun hainbati. Udalak jakinarazi duenez, ordea, “ia guztiak” gaur bertan (hilak 7) itzuli ahal izango dira euren etxebizitzetara.
Zehazki, San Martzial kaleko eraikinaren kasuan, 4.C eta 5.C etxebizitzetako bizilagunak izan ezik, beste guztiak dagoeneko itzuli daitezke: “4.C etxebizitza prezintatuta geldituko da eta soilik garbiketa eta eskoramendu lanak egingo dituzten langileak sartu ahal izango dira, betiere, beharrezkoak diren NBE erabilita [Norbera Babesteko Ekipamenduak]. Era berean, 5.C etxebizitza ere prezintatuta geldituko da, behin jabeek behar dituzten gauzak hartuta”.
Etxaide kaleko eraikinari dagokionez, etxebizitza guztietako bizilagunak itzuli ahal izango dira. Bosgarren eta seigarren pisuetako eskuineko ateetako etxebizitzen jasan zituzten bereziki sutearen kalteak, baina bi etxebizitza horietako bizilagunak ere gaur bertan itzuli daitezke etxera, betiere, suak kaltetutako erabili ahal izan gabe, “segurtasun baldintzak bermatzen diren arte”, udalak jakinarazi duenez.
Etxebizitza “monitorizatua”
Udalak ostegunean azaldu zuenez, Gizarte Zerbitzuek “aspalditik zuten “monitorizatuta” eraikinaren familia jabea, bertan diogenesen sindromearen egoera baten berri zutelako: “Bertan metatutako materialak ateratzeko esku hartzeren bat ere egin zen iraganean”, azaldu zuten udaleko iturriek.
Gizarte Ekintzetako Saila jabeen senide eta hurbilekoekin harremanetan jarri zen, eta eraikinean esku hartzeko laguntza judiziala ere eskatu zuten. Azkenik, familiak etxebizitza garbitzea onartu zuen. Horretarako, enpresa bat kontratatu zuten, eta sutea hasi zen unean lan horiek egiten ari zirela esan zuen udalak.