Udaltzaingoaren euskara eskakizunaren afera behin betiko itxi du EAEko Auzitegi Nagusiak
Donostiako Udalak "euskararen kontrako" epaiari jarritako azken errekurtsoa baztertu dute. Auzitegi Nagusiaren erabakia gaitzesteko, elkarretaratzea egingo dute hilaren 12an, Alderdi Ederren.
Euskararen kontrako beste sententzia bat irmoa dela berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Hain zuzen ere, Donostiako bi udaltzainen inguruko auzia behin betiko itxi dute. Iazko irailean, Donostian udaltzain izateko B2 mailako euskara eskakizuna egitea “diskriminatzailea” zela ebatzi zuen Auzitegi Nagusiak.
Azken epai hura “euskararen aurkako erasotzat” jo zuen Donostiako Udalak, eta helegite bat aurkeztu zuen. Ordea, auzitegiak baztertu egin duela jakinarazi du EFE agentziak. Sententzia eskuratu ahal izan dute, eta horren arabera, dagoeneko udaltzainen aferan ezin da beste errekurtsorik jarri. Auzitegi Nagusiak du “interes objektiborik” ikusi, eta udalaren errekurtsoa “sakon aztertu gabe” ez onartzea erabaki dute.
Lan deialdia
Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiaren epai batek baliogabetzat jo zuen iazko urtarrilean Udaltzaingoaren lan deialdian, B2 hizkuntza eskakizuna. Donostiako Udalak 2022ko abenduaren 20an Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuen eskakizuna Udaltzaingoaren agente izateko eskainitako bi plazak eskuratzeko baldintza gisa. Epailearen arabera, baina, betekizun hori “diskriminatzailea” da, “Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua” urratzen duelako.
Elkarretaratzea, otsailaren 12an
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak elkarretaratzea antolatu dute Auzitegi Nagusiaren erabakia gaitzesteko. Otsailaren 12an, 18:30ean, izango da elkarretaratzea, Alderdi Ederren, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean.