Udaltzaingoaren euskara eskakizunaren inguruko epaia «hizkuntzaren normalizazioan atzerapausotzat» jo du Insaustik
![JonInsausti](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2023/07/joninsausti.jpg)
Donostiako bi udaltzainen inguruko auzia behin betiko itxi du EAEko Auzitegi Nagusiak, Donostian udaltzain izateko B2 mailako euskara eskakizuna egitea “diskriminatzailea” dela berretsiz. Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren testuinguruan kokatu behar da epaia, eta, hain zuzen ere, epaia deitoratu du Jon Insausti udaleko Euskara zinegotziak: “Faltsua den premisa bat daukagu mahai gainean: euskara lehenesten dugula gaztelaniaren gainetik. Hori ez da zuzena”.
Orain behin betiko itxi duten auzia iazko urtarriletik dator, Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiaren epai batek baliogabetzat jo baitzuen orduan Udaltzaingoaren lan deialdiko B2 mailako euskara eskakizuna. Udalak euskararen ofizialtasunaren aurkako erasotzat jo zuen epaia, eta helegitea jarri zion, baina epaia berretsi zuen irailean Auzitegi Gorenak. Orain, behin betiko dute afera, euskaldunon hizkuntz eskubideen aurka.
Ildo horretatik, zera nabarmendu du Insaustik: “Herritarrak erdigunean jartzea da geure egitekoa, geure helburua, eta horrek adierazten du herritarrek dauzkaten eskubideak defendatu eta bermatu behar ditugula, baita hizkuntz eskubideak ere. Herritarrek administrazioarekin harremana euskaraz nahi dutenean, euskaraz erantzun behar diegu, eta gaztelaniaz nahi dutenean, gaztelaniaz”.
Halaber, zinegotziak salatu du epaia atzerapauso bat dela hizkuntzaren normalizazio prozesuan: “Geure helburua da ahalik eta arreta onena ematea, eta atera berri den epaiak zerbitzu on hori deuseztatu egiten du, ukatu egiten du, duela 40 urte hasitako hizkuntzaren normalizazioa prozesuan atzerapausoa ematen duelako. Azken hamarkadotan, modu natural eta sano-sanoan egin du aurrera administrazioan hizkuntzaren normalizazioak, modu progresiboan, baketsuan eta gizarteak onartuta”.
“Arazo bat sortu dugu, arazoa ez zegoen lekuan”, gaineratu du Insaustik, eta nabarmendu du Donostiako Udalak “tinko” eutsiko diola hizkuntzaren normalizazioari, eta “zerbitzu onena mantendu eta bermatuko” duela, “izan euskaraz edo izan gaztelaniaz”.