Bi perkusio emanaldi, XV. Musikagileak Zirkuitua amaitzeko
Frames Percussion taldeak, hilaren 11n, eta Juanjo Guillem perkusio jotzaileak, hilaren 27an, emango dituzte azken kontzertuak.

Musikagileak Musika Garaikidearen XV. Zirkuitua amaitzeko, perkusio garaikideari eskainitako bi kontzertu egingo dituzte datozen asteetan. Batetik, bihar, hilak 11, Frames Percussion taldeak Natura faltsua aurkeztuko du; bestetik, hilaren 27an, Juanjo Guillem perkusio jotzaileak errezitaldia emango du.
Natura faltsua izenburupean, Frames Percussión taldeak musikaren eta naturaren arteko harremana aztertuko du perkusioaren eta zuzeneko elektronikaren bidez. John Cage konpositore estatubatuarraren Branches piezatik abiatuta, Cathy van Ecker, Helga Arias eta Mikel Urkiza konpositore bilbotarraren obrek osatuko dute errepertorioa. Zuhaitzen, txorien, ibaien, harrien, haizearen… soinuak gogoraraziz, naturak sortzaile belaunaldi berrien artean oraindik ere baduen eragina ardatz izango du saioak. Emanaldia Viktoria Eugenia klub aretoan egingo dute, 19:30ean hasita. Interesa dutenek gonbidapenak jaso ditzakete egunean bertan Viktoria Eugenia antzokiko leihatilan, 17:00etatik aurrera. Gehienez, lau sarrera pertsonako.
Hilaren 27an, berriz, Juanjo Guillem perkusionista entzuteko aukera izango da Musikeneko auditorioan. Perkusio garaikidearen arloan egindako ibilbideagatik ezaguna, Guillemek errezitaldian errepertorio garaikidean erreferentzia diren obrak eta berriki egindako konposizioak uztartzen dituen egitaraua interpretatuko du, batzuk berarentzat propio idatziak. Luis de Pablo, Isabel Urrutia, Juanjo Eslava, Gabriel Erkoreka, Voro Garcia eta Alfonso Garcia de la Torreren piezak biltzen ditu.