Errekalden zuhaitzak botatzen hasi direla salatu du Eguzkik

Errekalden, Donostiaren eta Lasarte inguruan, beste saltoki handi bat eraiki ahal izateko lanak hasi dira, eta Eguzki erakunde ekologistak salatu du inguruko baso mistoa izaten ari dela proiektuaren “lehenengo biktima”: “Lekurik ez dagoelako, lekua egiten hasi dira Coca Cola zena eta Funeraria Vascongadaren atzeko partean, bigarren ingurabidetik jaisten den mendi hegalean. Proiektu honen lehenengo biktima mendi hegal horretan hazten den baso mistoa izaten ari da. Eta okerrena iristeko dago, horretan ez dugu duda handirik”.
Teresategi da aipaturiko eremu hori, eta bertan Leroy Merlin denda berri bat eraikitzea dago aurreikusita. 2020ko azaroan, Donostiako eta Lasarte-Oriako Udalek hirigintza plan bateragarri bat onartu zuten horretarako, eta iazko abenduan atera zituzten lanak lizitaziora.
Errekaldeko industrialdearen egungo egoera ere salatu du Eguzkik: “Gabezia nabarmenak ditu. Espaloi ziztrin bat ere ez du. Lasarte-Oriarekin oinezkoentzako lotura zuzenik ere ez du. Pentsatzekoa da merkataritza gune berriarekin gauza horiek ez dutela hobera egingo, alderantziz baizik. Baina, tira, hau eta beste kontu batzuk esan genituen proiektua izapidetu zenean, eta ez dugu orain esango orduan esan ez genuenik”.
“Hori bai, agintariek laster kanpaina berri bati ekingo diote, ingurumena zaintzea guztion zeregina dela edo erosketak tokian tokiko saltokietan egitea komeni dela kontzientziatu gaitezen”, gaineratu du talde ekologistak, modu ironikoan.