IRUTXULOKO HITZAren 20. urteurreneko ekitaldia egingo dugu otsailaren 17an

IRUTXULOKO HITZAk 20 urte beteko ditu datorren otsailaren 17an, eta urteurren borobila ospatzeko, ekitaldia egingo dugu San Telmo museoan, 19:00etan.
2005eko otsailaren 17koa izan zen, hain zuzen ere, IRUTXULOKO HITZAren lehenengo zenbakia. Lehendik, ordea, Donostian bazen euskarazko komunikabide bat: Irutxulo astekaria. IRUTXULOKO HITZAren ernamuina izan zen astekaria 1994ko martxoan sortu zuen Bagerak.
Hamarkada bat pasatuta, gogoeta batean murgildu ziren, bai Bagera elkartea bai astekariko lantaldea ere. Izan ere, 2003an Berria egunkaria sortu zuten, Euskal Herri osoa euskaraz informatzeko, eta bere inguruan Euskarazko Komunikazio Taldea (EKT) eratu zen. Horren barruan, Bertako Hedabideak enpresa zegoen, eta bere apustua tokiko egunkariak sortzea eta Berria Taldean txertatzea zen. Horrela, hamarkada bat lehenago hainbat eskualdetan sorturiko astekariak egunkari bihurtzeko fasean sartu ziren, eta Donostia ez zen atzean geratu.
Ordutik, egunkari izatetik, berriz ere astekari izatera pasatu zen, eta formatu ezberdinetatik igaro ostean, iritsi gara egun ezagutzen dugun eredura. Hamaika izan dira hedabide honek pasatu behar izan dituen une zailak, eta hamaika bertatik igarotako lankide eta kolaboratzaileak. Eta horiei denak eskerrak eman nahi dizkiegu.
Ekitaldia, otsailaren 17an
Egindako bidea ospatzeaz gain, aurrera begira jarriko gara. Tokiko kazetaritza eredua berrituz eta garaiaren kronika behetik eraikitzen jarraituz. Datorren astelehenean, San Telmoko ekitaldian, aurrera begira ditugun erronkak azalduko ditugu eta kanpaina berria aurkeztuko dugu.
Hori soilik ez. Gure kazetaritza ereduari jarraituz, azken 20 urteotan hiriaren bilakaera aztertuko dugu, hiru belaunaldiren begi eta ahoetatik. Horretarako mahai ingurua egingo dugu Aizpea Goenaga (Erdialdea, 1959), Beñat Gaztelumendi (Añorga, 1987) eta Sua Enparantza (Antigua, 2003) kulturgileekin, Inaxio Esnaola lankideak gidatuta.